Bariku goizean hasi eta domeka iluntzeraino festak ez du etenik izan Ondarroako Itsasaurre plazan. Galizia Etxeko kideek adin guztietarako ekintzak antolatu zituzten, eta euren esanetan “girorik ez da falta izan, urtero legez”.
Zapatu goizean hasi ziren Galiziako produktuen salmentagaz, eta asteburu guztian bertako ohiturak gogora ekarri dituzte hainbat ekintzaren bitartez: dantzak, gaiteroak, queimada… Bariku iluntzean euriak jaia zertxobait zapuztu bazuen ere, antolatzaileek egitarauarekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu zuten, eta ekintza guztiak aurrera eraman zituzten.
Antolatzaile eta musikariak, bazkaltzen. Argazkia: Ondarroako Galizia Etxea
Asteburuko momentu hunkigarrienak queimada prestatzerakoan eta itsasoan zendutako arrantzaleei omenaldia egin zietenean izan ziren. Queimada, Galiziako edari bat da, eta berau prestatzea zorte onari eta oparotasunari dei egiteko erabiltzen dute galiziarrek. Eta horrela egin zuten zapatu gauean. 22:30ak aldera hasi ziren queimada prestatzen, eta jende ugari hurbildu zen prestaketa eta bere inguruko erritua ikustera.
Atzo goizean [uztailak 9], Karmengo ama birjinaren omenezko meza ospatu zuten parrokian, eta Alde Zaharreraino prozesioan joan ondoren, lore eskaintza egin zieten itsasoan hildako marinel guztiei Ondarroako badian. Ondoren, Ondarroako Galizia Etxeak elkartean hainbeste urte lanean ari diren eta jaia aurrera eramateko hain garrantzitsuak diren emakumeei lore sorta bana oparitu zieten, omenaldi eta eskertza gisa.
Elkarteko emakumeak omendu nahi izan zituen Galizia Etxeak. Argazkia: Ondarroako Galizia Etxea