250 txirrindularik parte hartu dute Lea-Artibaiko zikloturista martxan
Amets Txurruka gonbidatu berezia izan zen, eta Omar Fraile eta Pello Bilbao txirrindulariek lagundu zioten. Opariak izan zituzten parte hartzaileek martxa hasi ere egin aurretikAdin eta maila ezberdineko txirrindulariek zeharkatu zuten Lea-Artibai esku...
Amets Txurruka gonbidatu berezia izan zen, eta Omar Fraile eta Pello Bilbao txirrindulariek lagundu zioten. Opariak izan zituzten parte hartzaileek martxa hasi ere egin aurretik
Adin eta maila ezberdineko txirrindulariek zeharkatu zuten Lea-Artibai eskualdea zapatu goizean. 09:00etan irten ziren Markina-Xemeingo Plazabarripetik, eskualdean zehar buelta emateko. Lau ibilbide izan zituzten aukeran 43 kilometroko ibilbide motza, 70 kilometroko ibilbide ertaina, 96 kilometroko ibilbide luzea eta 110 kilometroko ibilbide oso luzea, eta bakoitzak aukeratu ahal izan zuen bere neurrikoa. Nahi izan zutenek Lekoiztik gorako igoera neurtua egiteko aukera ere eduki zuten, txipagaz neurtuta.Estreinako egin den Lea-Artibai Klasikoa errepideko zikloturista martxa elkartasun martxa ere izan da, Izarbideanen aldekoa. Hala, lortzen dutena elkartearentzat izango da.
Opariak
200 lagunetik gora zeuden izena emanda, baina azken ordukoak ere animatu ziren, eta, beraz, azkenean, 250 txirrindulari atera ziren errepidera. Martxa hasi aurretik jaso zituzten lehen opariak, parte hartzeagatik: Izarbidean elkartearen botilatxoa, eta sagardo botila, txakolin botila, gazta edo eztia aukeran. Martxaren amaieran, gainera, Amets Txurruka txirrindulariaren jantzia, masaje bonua, eta hotelean gaua edo afaria zotz egin zituzten parte hartzaileen artean.
Gonbidatu berezia izan zuen Lea-Artibaiko zikloturista martxak. Txirrindularitza profesionala utzi berri duen Amets Txurruka Ansola Etxebarriko txirrindulariak ere parte hartu zuen, eta berak eta bere lagunek eman zioten martxari hasiera. Tartean egon ziren Pello Bilbao (Astana) eta Omar Fraile (Dimension Data) taldeetako txirrindulariak.