Jai Alai World Tour Master Series jokatuko da Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan.
Finalerdiak barikuan [uztailak 14] jokatuko dira, eta
finala Malen Egunean izango da [uztailak 22]. Mutrikuko partiduak Gernika Jai Alai enpresari dagokion adarrekoak izango dira. “Beste behin ere, Mutriku zesta-puntako txapelketa handienen zirkuituan sartu da”, esan dute Gernika Jai Alaiko ordezkariek. Jokatuko dituzten puntistei dagokienez, guztiak internazionalak dira eta aurreratu dutenez, Mutrikun “partidu gogorrak” ikusi ahalko dira.
Azaldu dutenez, “munduko pilotari onenak” ari dira jokatzen Jai Alai World Tour-eko txapelketak. “Punta-puntako pilotariak ikusi ahalko dira Mutrikun”.

Mutriku Master Series txapelketaren aurkezpena. Argazkian, ezkerretik eskumara, Ibon Aldazabal, Josebe Astigarraga (Mutrikuko kirol zinegotzia eta alkateordea), Gaizka Muniategi (Gernika Jai Alai), Itziar Lete (Danok Bat), Ekhi Martinez eta Aritz Erkiaga.
Barikuan, esaterako,
lehenengo finalerdia Diego Beaskoetxeak eta Unai Lekerikak osatutako bikotea Aritz Erkiaga eta Ibon Aldazabal bikotearen aurka ariko da.
Bigarren finalerdia Xabi Barandikak eta Erik Irastorzak osatutako bikoteak eta Alex Hormaetxea eta Ekhi Martinez bikoteak jokatuko dute. “Faborito garbirik gabeko Master Seriesa da”, gaineratu dute antolatzaileek. Ibon Aldazabalek aurkezpenean gaineratu duenez, partiduak “nahikoa orekatuak” izango dira. “Nik neuk ere ez dut faborito garbirik ikusten. Partidu gogorrak ikusi ahalko dira”.
Partiduak 22:30ean hasiko direla iragarri dute. Malen egunean, gainera, finala jokatzeaz gain,
lagunarteko partidu bat ere jokatuko dela aurreratu dute: Arbe-Garita/Beaskoetxea IV-Amigorena.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez,
Mutriku “oso herri pilotazalea” da. “Herri honetatik goi mailako puntistak dira: Piston, Ituarte, Egurbide, Txurruka, Lekube, Goixarri edo gaur egun profesional moduan Daniako Jai Alain jokatzen duten Beitia eta Erik Mendizabal”.
Miruaitz frontoiaren ezaugarriak. Aldazabalek agertu duenez, Miruaitz frontoia laburra da eta
joko bizkorra ikusi ahalko da. “Miruaitzen ikusi ahal den jokoa oso bizia izaten da. Publikoa ere hurre sentitzen da. Gainera, Mutriku oso herri zestazalea da beti da berezia hemen jokatzea”.

Aritz Erkiaga, Ibon Aldazabal, Josebe Astigarraga (Mutrikuko kirol zinegotzia eta alkateordea), Gaizka Muniategi (Gernika Jai Alai), Itziar Lete (Danok Bat) eta Ekhi Martinez, Mutrikuko Txurruka Plazan.
Master Series jokatuz, Mutrikuk goi mailako zesta-puntaren plaza izateko “aurrerapausoa” emango duela gaineratu dute. “Iaz lehenengo aldiz Master Series bat jokatu zen, Markina-Xemeinekin parkekatuta; finalerdiak Mutrikun jokatu ziren, eta finala Markina-Xemeinen. Aurten, aldiz, Mutrikuk Master Series propioa edukiko du”.
Mutrikuko
Danok Bat-eko Itziar Letek herritarrak partiduak ikustera animatu nahi izan ditu. “Orain arte Malen Egunean egin izan da partidua. Aurten, baina, finalerdiak ere edukiko ditugu. Beraz, bateko eta besteko herritarrei Miruaitzera gerturatzeko gonbitea egiten diegu”.
Bide beretik, Jon Goenaga herriko puntistari emandako laguntza guztia eskertu nahi izan dio Erkiagari. “Eskertzekoa da
Jai Alai World Tour
Mexiko hirian hasi zen ekainaren amaieran, eta urtea amaitu arte, ondoko herrietan jokatuko dira txapelketak: Mutriku, Gernika-Lumo, Zumaia, Lekeitio, Hondarribia, Markina-Xemein, Bilbo eta Donostia.
Master Series jokatzeaz gain,
zapatu goizean, Herriarteko finala jokatuko dute Mutrikuk eta Gernikak; 11:00etan hasita, kadete, gazte eta nagusi mailako finalak jokatuko dira.
MUTRIKUN ARIKO DIREN PUNTISTAK
- Aurrelariak:
- Diego Baskoetxea (Gernika-Lumo): Munduko txapelduna 2013an, Daniako aurrelari onena azken denboraldian eta bi aldiz Binakako Txapeldun izandakoa.
- Aritz Erkiaga (Ispaster): Miamiko (AEB) gaur egungo “erregea”, hiru aldiz Hiruko Koroa irabazitakoa eta azken bi udatan Euskal Herrian jokatzeko aukerarik eduki ez duena.
- Xabi Barandika (Gernika-Lumo): Daniako hirugarren aurrelari onena izan da azken denboraldian, afizionatu mailan dena irabazitakoa eta profesionaletan oso bide onetik doana. Mexikoko Diez Barroso Nazioarteko txapelketan hirugarren postua eskuratu du.
- Alex Hormaetxea (Bermeo): Errematatzailea eta publikoaren pilotari gustukoenetarikoa bere ausardiagatik.
- Atzelariak:
- Erik Irastorza (Bidarte): Bidartzeko “erraldoia”, bi aldiz Munduko Txapeldun izandakoa eta 9 aldiz Urrezko Xistera irabazitakoa.
- Ibon Aldazabal (Berriatua): 2015eko Binakako Txapelduna. Mexikoko Diez Barroso Txapelketan azpitxapeldun geratu da, Erik Mendizabalekin batera.
- Unai Lekerika (Gernika-Lumo): Bi urte profesionaletan eta azken denboraldian Danian kiniela gehien irabazi dituen puntista.
- Ekhi Martinez (Gasteiz): Martxoan debutatu zuen profesionaletan eta Mexikoko frontoian estelarra jokatzen ibili da. “Bera izan da Mexikoko denboraldiko ezusteko handienetakoa”.