Donostiako bandera irabazi du Mutriku Arraun Taldeak
Ondarroak laugarren postua lortu zuen domekan, Donostian. Urdaibai da TKEko liderra. Lea-Artibai traineruak ez du Euskotren ligarako sailkapenik lortu22 minutu eta 34 segundoko denboragaz, VIII. Amenabar Kaiarriba bandera irabazi zuen Mutrikuk zapatuan...
Ondarroak laugarren postua lortu zuen domekan, Donostian. Urdaibai da TKEko liderra. Lea-Artibai traineruak ez du Euskotren ligarako sailkapenik lortu
22 minutu eta 34 segundoko denboragaz, VIII. Amenabar Kaiarriba bandera irabazi zuen Mutrikuk zapatuan, Donostian. Ia bost segundo atera zizkion Portu-Deusto bigarrenari.Goi-goitik ospatu zuten garaipena mutrikuarrek, bai Donostiako kaian eta baita herrira iritsi zirenean ere, harrera beroa egin baitzieten portu ingurura jaitsi ziren mutrikuarrek. Domekan, Camargon jokatu zen KAE 2ko estropada, eta Mutriku Arraun Taldea hamaikagarren lekuan sailkatu zen. 12. sailkatuak dira mutrikuarrak gaur gaurkoz.
TKE ligan, berriz, asteburu aparta burutu zuen domekan Ondarroa Arraun Elkarteak. Zapatuan Orioko erlojupeko estropadako zazpigarren postua ona izan bazen, domekan Donostiako uretan lortutako laugarren postuak asteburu bikaina borobildu zuen. Arraunlarien esanetan, «asteburu ederra izan da, baina lanean jarraitu beharra dago». Urdaibaik bigarren egin du asteburuko bi estropadetan, baina sailkapenaren lehen postuan dago, 44 puntugaz.
KAE 1 ligan Donostian jokatu zen zapatuko estropada, eta Isuntzak hirugarren postuan amaitu zuen estropada, 22 minutu eta 4 segundo behar izan baitzituen. Domekan, Lerateko Aritzaleku kanpin inguruan jokatu zen KAE 1eko estropada lehenengoz. Isuntza bosgarren sailkatu zen, eta sailkapen orokorrean hirugarrena da.
Bihar, lurraldekoak
Asteburuan Euskotren ligara sailkatzeko estropadetan aritu da Lea-Artibai trainerua. TKE ligako taldeekin batera, zapatuan Orion eta atzo Donostian aritu ziren. Bi egunetan 10. postuan sailkatu ziren. Orioko erlojupekoan 11 minutu eta 58 segundo egin zituen Lea-Artibai traineruak, eta herenegun Donostian 15 minutu zehatzetan gelditu zuten erlojua. Orion Hibaika izan zen nagusi, eta Donostian, San Juan. Emaitza horiekin, ez dute lortu Euskotren ligara sailkatzerik, eta San Juan, Orio, Hibaika eta Arraun Lagunak izango dira Euskotren ligan lehiatuko diren lau taldeak.
Bihar lurraldeko txapelketak lehiatuko dituzte. 18:30etik aurrera, Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatuko da Getarian, eta ordu erdi beranduago hasiko da Bizkaikoa Lekeition. Neskak eta mutilak arituko dira bietan.