Nahiz eta eguraldiak asko ez lagundu, 20.000 pertsona bildu ditu asteburu honetan, Lekeition ospatu den 28. Kaleka jaialdiak. Euriaren ondorioz, Lekittoko Deabruak, Vaiven Circo eta The funes troupe konpainien ikuskizunak
bertan behera geratu baziren ere, gainerako emanaldiek “
arrakasta handia” lortu dutela esan dute antolatzaileek. “Publikoak azken momentura arte eutsi dio emanaldi guztietan”.
Entre 4 Tiempos ikuskizuna Lekeitioko Basilikako horman. Argazkia: Kiñuka/Kaleka
25 talderen 35 ikuskizunekin gozatzeko aukera eskaini du eguaztenean [uztailak 5] hasi eta domekara arte [uztailak 9] iraun duen nazioarteko kale antzerki jaialdiak. Klownak, zirkuak, slapstick-ak (Cair Circo, Zirika Zirkus, Wilbur), dantza bertikalak (LaGlo Zirko Dantza), dantza garaikideak eta flamenkoak (Marco &Chloe), formazio profesionalak (Johnny Melville), parte hartze ibilitariak (Johnny Melville), site-specifics proposamenak (Cía Tornado) eta familientzako tailerrak (LaGlo Zirko Dantza), osatu dute aurten, programazio ofiziala.
Estreinuak ere egon dira. Jaialdiaren bigarren egunean
Scratch sekzioa estreinatu zuten, esate baterako,
Bridging de Silence soinuzko ibilialdiarekin. “Lekeition hasi du bakarkako lana, Corners Europako proiektuaren barruan lau urtetan zehar garapen lanak egin ondoren. Izugarria izan da formatu honegaz lau egunetan zehar egon den parte hartzea, edozein adin eta profileko jendeagaz”.
Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, Teatro Reformak ere, bere lan berria martxan jarri du egun hauetan, Lekeitioko kaleetan, eta publikoak gorputz esperimentaziorenganako daukan erreakzioa frogatu ahal izan du Ehki kolektiboak. Horrez gain, 2018an estreinatuko duten
Mini izeneko lan berriaren zati batzuk aurkeztu ondoren The funnes troup taldeak jendartearen feedbacka ikusi ahal izan du piezaren sortze prozesuaren barruan, eta Muntu eta Compañia Calor-ek kofradia zaharrean aurkeztutako mikro -antzerkiek Lekeitioko publikoa hunkitzea lortu dutela azpimarratu dute.
Lapurminak ikuskizuna udaletxe aurrean. Argazkia: Kiñuka/Kaleka
Espazio bereziak. Iaz bezala, espazio ezberdinetara zabaldu da aurten ere Kaleka, eta gune berriek ere harrera ona izan dutela ikusi dute antolatzaileek. “Ehunka ume
Arropaineko Arragua sorkuntza espaziora hurbildu ziren jaialdiaren lehen egunean, Turukutupa y Bufa & Sons-en proposamenekin esperimentatzera. Arratsaldean berriz, Rouge Elea konpainiaren ikuskizuna gogotsu hartu zuten, eta Lekeitioko Musika Bandak, inprobisatutako jam sesio bat egin zuen, Ekhi kolektiboarekin batera, zapatu arratsaldean”.
Jaialdiaren atal batzuk datorren urtera arte amaitu badira ere, Kalekaren programazio ofiziala eta Scratch sekzioa,
Kalekaz Blai-k urte osoan zehar jarraituko duela martxan gogora berretsi dute jaialdiko arduradunek, “herritarrekin lanerako proposamen berriak sortuz”.
Bestalde, 2018ko Kalekaren sekzio ofizialean nahiz Scratchen parte hartzeko izena emate epea, datorren
irailean zabalduko dela aurreratu dute.