Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak 40. urteurrena bete du, eta ospatzeko ia maila guztietako lasterketak antolatu dituzte. Felix Pertika (Markina-Xemein, 1955) sorreratik dago elkartean.
40 urteko ibilbidea burutu du Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak. Sorreratik al zaude elkartean?
Bai, elkartearen sortzaileetako bat naiz. Umea nintzela gogoan daukat zelaian ere lasterketak egiten zirela, baita jaietan ere. Hori amaitu zen. 1977an pentsatu genuen elkartea sortzea, lasterketak antolatzeko. Orduan herrian ez zegoen ezer; pilota-zesta eta mendigoizaleak, futbolik ere ez zegoen.
Felix Pertika Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteko kidea
Gogoan al daukazu antolatu zenuten lehenengo lasterketa?
Espainiako Mendi Txapelketa izan zen, eta, besteak beste, Marino Lejarretak parte hartu zuen. Horren ostean, hurrengo batzarrean bertoko gazteak bizikletan aritzeko talde bat ateratzea pentsatu genuen. Eta zelaian lasterketak antolatzen hasi ginen. Orduan askoz errazagoa zen; bata helmugan eta beste bana Ondarroako eta Etxebarriko bidegurutzeetan jartzen ginen. 1978tik 1980ra, zapatu goizez izaten ziren, eta eskola umeekin challenge bat egiten zen.
Eta noiz osatu zenuten lehenengo taldea?
1981ean errepidera ateratzea pentsatu, eta kadeteen lehenengo taldea osatu genuen. Ordutik, lau hamarkadetan zehar kadeteak, gazteak eta afizionatuak ere izan ditugu. Sasoi batean, 60 txirrindularitik gora eduki genituen bai afizionatuetan, gazteetan eta eskolarteko mailetan. 1990. urtean izan zela uste dut; kopuru handiena orduan izan genuen. Bestalde, 1983-1984an Lea-Artibai mailan Lekeitioko eta Ondarroako taldeekin elkartu ginen mailetako taldeak osatzeko, taldeak indartsuagoak izateko nolabait. Ni, esaterako, 2015era arte egon naiz horrela. Orain dela bi urte eskualdeko txirrindulariekin osaturiko kadeteen taldearen ardura izan nuen. Gaur egun, umeen txirrindularitza eskola daukagu, eta 30 bat ume ditugu.
Elkartearen ibilbidea ondo ezagutzen duzu.
Pena ematen du umeek herriko taldean jarraitu ezin izateak. 15 urte egin, eta gero kanpora joan behar dira lehiatzera. Ardura handia da, eta alde handia ikusten dut hasi nintzenetik gaur egunera arte. Hasi nintzenean jendea prestatzen zen, baina ez orain moduan. Gaur egun kadeteak profesionalen moduan prestatzen dira. Lehenago ez zieten hainbeste eskatzen. Zentzu horretan asko aldatu da. Bestalde, zaletasunak berdin jarraitzen du, garai batean moduan, gaur egun ere lasteketak ikusteko jende asko batzen da.
Urtean hainbat lasterketa antolatzen dituzue, eta Karmen jaietan ere herriko txirrindulari elkartea presente dago.
Bai, jaien bueltan urtero antolatzen dugu lasterketaren bat, normalean jaiak hasi aurreko astean. Aurten, hilaren 7an, gazte mailako Bizkaiko Itzuliko 2. etapa hemen hasi eta amaitu zen, eta hilaren 8an, Lea-Artibai Zikloturista Martxa egin genuen, estreinako. Bertan, besteak beste, profesionalek eta profesional izandakoek parte hartu zuten: Peio Bilbaok, Amets Txurrukak, Igor Antonek, Omar Frailek edota Gorka Gerrikagoitiak. Beste urte batzuetan kadete eta gazte mailetako lasterketak antolatu izan ditugu. Guk taldeak genituenean, gure taldearen araberako mailakoa antolatzen genuen. Hau da, kadeteak bagenituen kadeteena, eta gazteak bagenituen gazte mailakoa.
Elkartearen 40 urteak ospatzeko zer edo zer berezia prestatu duzue?
Ez dugu jai edo ospakizun berezirik pentsatu. Urteurrena denez, profesionalena izan ezik, beste maila guztietako lasterketak egitea erabaki genuen. Hurrengoa Etxebarriko jaietan da, kadete mailakoa uztailaren 30ean, lehenengoz egingo da. Baina beste batzuk ere egin ditugu:?apirilaren 22an Sabin Foruria Memoriala, maiatzaren 18ko Emakumeen Biraren etapa eta Bizkaiko Eskolarteko lasterketa.
HONEKIN LOTUTA: Markina-Xemeingo Karmen Jaiak 2017ko EGITARAUA