Berriketan ikuskizunak flamenkoa eta txalapata uztartzen ditu, eta
barikuan [uztailak 14] Mutrikuko Txalaparta okindegi-kafetegian ikusi ahalko da,
22:30ean, doan. Emanaldiak ordu bat eta 25 minutu inguru irauten ditu.
La Pulga goitizeganagaz ezaguna den Askoa Etxebarrieta Lasheras flamenko dantzari eta irakasle gasteiztarra izango da dantzaria. Eta harekin batera beste musikari batzuk ariko dira:
Angel Lopez de Toro flamenko kantaria,
Aitor Escobar gitarra jotzailea,
Jose Gil Giliyo kajoi eta perkusio-jotzailea,
Adrian Larrañaga pandero eta perkusio jotzailea eta
Mikel Aveiro txalapartaria.
Euskal sustraiak eta flamenkoa uztartzen dituen proiektua da
Berriketan; perkusio, gitarra eta
kejioen artean, dantza eta txalapartaren arteko elkarrizketak ikusi eta entzuteko aukera eskaintzen duen emanaldia da. «Flamenkoa eta euskal sustraiak fusionatzen dituen ikuskizuna da. Eta ume, gazte zein helduei zuzenduta dago. Flamekoa eta euskal kultura gustuko dutenentzako ikuskizun berritzaile, aberasgarri eta oso sentibera da. Goxotasun eta energia handiko ikuskizun berezia da», diote La Pulgak eta bere taldekideek.
La Pulgaren ibilbidea. La Pulgarentzat ez da Mutrikun ariko den lehendabiziko aldia; aurretik ere Txalapartan emanaldia eskainitakoa da.
Gasteizen dantza klasikoa ikasi ondoren, herri tailer batzuetan flamenkoa ezagutu zuen La Pulgak. Flamenkoaz maiteminduta, Granada eta Sevillara (Espainia) joan zen Etxebarrieta; flamenkoaren oinarri eta iturriak aurkitzera joan zen.
Urteetan artista ospetsuek emandako ikastaroetan, dantzaren sustraietan sakontzen ibili da. Gaur egun, Madril eta Sevillan ikasten jarraitzen du, eta bere taldeagaz ere lan egiten du: La Pulga y Compañia, Adabegi y La Patro Teatro. Horrez gainera, tailerrak, ikastaro trinkoak eta flamenko erritmoak irakasten ditu.