Lekitto Musika Bandak eta Donostiako Orfeoiak kontzertua eskainiko dute zapatuan [uztailak 15], 23:00etan, Lekeitioko Independentzia plazan.
Urtzi Iriondo ariko da
zuzendari lanetan, eta aurreratu duenez, emanaldia «sekulakoa» izango da.
Donostiako Orfeoiagaz batera kontzertua eskaintzeko aukera edukitzea «ohore bat» dela esan du Iriondok. «Asteazkenean Donostira joan ginen eurekin batera entsegatzera, eta dena primeran atera zen; guretzako luxuzko esperientzia berri bat da. Orfeoiko kideek ere oso jarrera ona eduki zuten». Iriondogaz batera, Lekitto Musika Bandako beste kide batzuk ere joan ziren. «Bandako guztiak ezin izan zuten etorri, Donostiako Orfeoiaren egoitzan denok ez ginelako sartzen. Etorri zirenak, baina, oso gustura geratu ziren. Ohore bat da han egon izana».
Sorpresa eta guzti. Kontzertuak ordu bat eta erdi inguru iraungo duela aurreratu du. «Pieza klasikoekin hasi eta modernoekin amaituko dugu. Dena dela, tartean sorpresak ere egongo dira».
Sorpresa horiekin, momentu hunkigarriak ere egongo direla esan du Iriondok.
Baina hor ez da dena amaitzen. Izan ere, biharko emanaldian zer edo zer berria ere estreinatuko dute. «
Itsaso zakarrari pieza estreinatuko dugu. Pieza horren musika
Jabier Ituartek egin du, eta letrak
Amets Arzallusek idatzi ditu».
Donostiako Orfeoiko partaideak, Kursaaleko emanaldi batean. Argazkia: Kursaal.
Bertsolariarentzat ere pieza horrentzako letrak idaztea lan berria izan dela agertu du Iriondok. «Orfeoi batek abestuko dituen bertso batzuk egin ditu».
Osterantzean, eskainiko dituzten beste pieza batzuk ere kutsu lekeitiarra edukiko dutela aurreratu dute.
Sarrerei dagokienez,
1.000 sarrera atera zituztela eta ia gehienak salduta daudela esan dute. «Ikusleak gehiago izango dira, gonbidapen batzuk-eta gorde behar izan ditugulako. Baina ia den-dena salduta dago».
Sarrerak erosteko aukera. Oraindik saldu barik geratzen diren 40-50 sarrerak erosteko, herritarrek kultur etxean eta Aralden erosi ahal dituzte, hiru euroan.
Oro har, aurten bandaren 150. urteurrena ospatzeko egindako ekintza guztiak puntakoak izan direla gaineratu du. «Dena dela, Donostiako Orfeoiak beste balio erantsi bat dauka».