Markina-Xemeingo I. Jazz Jaialdiak izandako erantzunagaz “pozik” geratu dira Uhagon kulturguneko arduradunak. Orokorrean, “oso balorazio ona” egiten dutela azpimarratu dute. Izan ere, herritarrez gain, Lea-Artibai eta eskualdetik kanpoko jendeak jarraitu du jazz jaialdia, iraun duen lau egunetan.
Antolatzaileak, gaur bertan [uztailak 13] elkartu dira Uhagon kulturgunean jaialdiaren balorazioa egiteko. Publikoaren eta jaialdian parte hartu duten musikarien
kritika onak izan dituztela aitatu dute. “Jende asko batu da kontzertu guztietan. Herritar eta kanpotar batzuk, gainera, egunero etorri dira”, nabarmendu dute.
Pablo Fdez. Arrieta Trio eta Carme Canela-ren kontzertua, Uhagoneko terrazan.
Musikarien kalitateagaz ere “gustura” gelditu dira antolatzaileak, “aurreikuspenak beteta”. Eta publikoak ere musikarien lana ondo baloratu duela azaldu dute. Alderantziz ere, aldeko balorazioa egin dute musikariek, eta jaialdian parte hartu ahal izana eskertu dietela jakitera eman dute Uhagon kulturgunekoek.
Aurretik. Orokorrean, jaialdia ondo joan bada ere, aldaketa batzuk egitea aurreikusi dute datorren urterako. “Jaialdia
aste bete aurreratzea erabaki dugu. Beraz, ekainaren azkenean edo uztailaren hasieran ospatuko da datorren urtean”.
Bestalde,
azpiegiturei begirako aldaketa batzuk egitea ere erabaki dute. “Hobekuntzak egiten saiatuko gara eguraldiaren menpe ez egoteko”. Horrela, kanpoan jo ahal izateko zer edo zer pentsatuko dutela aitatu dute.
Iraupenari dagokionez, jazz jaialdia lau egunetan mantentzea erabaki dute, eta aurten bezala, egunetako batean jaialdia herrira hurreratzea dute asmoa.