Lekitto Musika Bandaren eta Donostiako Orfeoiaren emanaldia, bihar, Lekeition
Emanaldia Independentzia plazan izango da, 23:00etan. Ezustekoak eta momentu hunkigarriak biziko direla aurreratu dute. Pieza berri bat ere estreinatuko dute: 'Itsaso zakarrari'Lekitto Musika Bandak eta Donostiako Orfeoiak kontzertua eskainiko dute bih...
Emanaldia Independentzia plazan izango da, 23:00etan. Ezustekoak eta momentu hunkigarriak biziko direla aurreratu dute. Pieza berri bat ere estreinatuko dute: ‘Itsaso zakarrari’
Lekitto Musika Bandak eta Donostiako Orfeoiak kontzertua eskainiko dute bihar, 23:00etan, Lekeitioko Independentzia plazan. Urtzi Iriondo ariko da zuzendari lanetan, eta aurreratu duenez, emanaldia «sekulakoa» izango da.Donostiako Orfeoiagaz batera kontzertua eskaintzeko aukera edukitzea «ohore bat» dela esan du Iriondok. «Eguaztenean Donostira joan ginen eurekin batera entsegatzera, eta dena primeran atera zen; guretzako luxuzko esperientzia berri bat da. Orfeoiko kideek ere oso jarrera ona eduki zuten». Iriondogaz batera, Lekitto Musika Bandako beste kide batzuk ere joan ziren. «Bandako guztiak ezin izan zuten etorri, Donostiako Orfeoiaren egoitzan denok ez ginelako sartzen. Etorri zirenak, baina, oso gustura geratu ziren. Ohore bat da han egon izana».
Klasiko eta moderno artean
Kontzertuak ordu bat eta erdi inguru iraungo duela aurreratu du. «Pieza klasikoekin hasi eta modernoekin amaituko dugu. Dena dela, tartean ezustekoak ere egongo dira».
Ezusteko horiekin, momentu hunkigarriak ere egongo direla esan du Iriondok.
Baina hor ez da dena amaituko. Izan ere, biharko emanaldian zer edo zer berria ere estreinatuko dute. «Itsaso zakarrari pieza estreinatuko dugu. Pieza horren musika Jabier Ituartek egin du, eta letrak Amets Arzallusek idatzi ditu».
Bertsolariarentzat ere pieza horrentzako letrak idaztea lan berria izan dela agertu du Iriondok. «Orfeoi batek abestuko dituen bertso batzuk egin ditu».
Ostera antzean, eskainiko dituzten beste pieza batzuk ere kutsu lekeitiarra edukiko dutela aurreratu dute.
Sarrerei dagokienez, 1.000 sarrera atera zituztela eta ia gehienak salduta daudela esan dute. «Ikusleak gehiago izango dira, gonbidapen batzuk-eta gorde behar izan ditugulako. Baina ia den-dena salduta dago».
Sarrerak erosteko aukera
Oraindik saldu barik geratzen diren 40-50 sarrerak erosteko, herritarrek kultur etxean eta Aralden erosi ahal izango dituzte, 3 euroan.
Oro har, aurten bandaren 150. urteurrena ospatzeko egindako ekintza guztiak puntakoak izan direla gaineratu du. «Dena dela, Donostiako Orfeoiak beste balio erantsi bat dauka».