Asteburuan Galiziako uretan jokatutako bi estropadak itsasoaren egoerak zeharo baldintzatuta egon ziren. Zapatuan A Coruñan jokatutako estropadan itsaso zakarra egon zen, Cabo da Cruzek Zierbenaren trainerua jotzeraino, eta atzoko Aresko estropadan berriz, lehen txandakoek eduki zituzten arraun egiteko baldintzarik onenak, eta Ondarroa zegoen bigarren txandakoak izan ziren kaltetuenak.
Zapatuan, A Coruñan, 8. sailkatu ziren, 23 minutu eta 27 segundoko denboragaz, eta atzo Aresen berriz, bederatzigarren, 20:23 minutuko denboragaz. Sailkapen orokorrean 7. sailkatuak dira ondarrutarrak, 33 puntugaz. Zapatuan Urdaibai izan zen garaile, eta atzo Zierbena, itsasoaren baldintza aldaketak baliatuz.
Iñigo Larrinaga patroiak arazoak izan zituen trainerua zuzentzeko zapatuan A Coruñan.
KAE-1 eta KAE-2 ligetan estropada bana jokatu dute asteburuan, biak zapatuan. KAE-1ekoak Orion aritu ziren, erlojuaren kontra, X. Bixigu Eguna banderan. Lekittarra traineruak 6. postua lortu zuen 20 minutu eta 13 segundo eginda, eta orain 59 puntugaz laugarren sailkatua da. Santurtzi izan zen azkarrena. KAE-2koak berriz, Sestaoko uretan lehiatu ziren. Mutriku Arraun Taldea zazpigarren sailkatu zen, 20:50 minutu behar izan baitzituen. Sailkapen orokorrean 12. postuan dago 8 punturekin. Hibaika izan zen bandera etxera eraman zuena.
Lea-Artibai. Lea-Artibai Arraun Taldeko neskek bederatzigarren postuak errepikatu zituzten zapatuan Orion eta domekan Castron (Kantabria) jokatutako estropadetan. Orioko errekan, 12 minutu eta segundo bat behar izan zituzten, eta Castron berriz 12 minutu eta 18 segundo. Sailkapen orokorrean ere bederatzigarren postuan daude.