Milaka lagun hartzeko prest
Madalen Egunean, Bermeoren mugak zehaztuko ditu alkateak, Izaro uhartean teila jaurtiz. Gaur, bezpera egunean, jai eguna dute Baztarren, eta egun osoko egitaraua prestatu dute.Iritsi da Izaro uhartea Bermeorena dela aldarrikatzeko eguna, Izaro da Madal...
Madalen Egunean, Bermeoren mugak zehaztuko ditu alkateak, Izaro uhartean teila jaurtiz. Gaur, bezpera egunean, jai eguna dute Baztarren, eta egun osoko egitaraua prestatu dute.
Iritsi da Izaro uhartea Bermeorena dela aldarrikatzeko eguna, Izaro da Madalen Eguneko protagonista nagusia. 12:00etan abiatuko da bihar itsas prozesioa Izarorantz, eta uhartean ikurrina eta Bermeoko bandera altxatu ostean, Bermeoko alkateak teila botako du, Izaro uhartearen ipar-ekialderantza dauden mugak Bermeorenak direla gogorarazteko.Bermeo, Elantxobe eta Mundakako herriak dira Madalen Eguneko protagonistak. Hala, hiru herrietan festa giroa izango da nagusi, eta, Elantxoben, esaterako, milaka lagun espero dituzte. Festa bai, baina tradizioz jositako eguna ere bada, eta urteroko egitarauari eutsiko diote, beste behin ere.
Itsas prozesioa Elantxobera iritsita, Jesus Maria Olagibel alkateak herriko makila emango dio Bermeoko alkateari, ordu batzuetarako. Ondoren, plazan, ohorezko aurreskua dantzatu eta biribilketa egingo dute.
Arratsaldean, bueltan, Mundakan egingo dute geldialdia. Ondoren, 20:00ak inguruan iritsiko da udalbatza Bermeora, herritarrekin batera festa giroan jarraitzeko. Goiko Plazara joanda, banderak altxatu eta biribilketak egingo dituzte. 22:00etan, Lameran, herritarrek dantzan jarraitzeko aukera izango dute Zirkinik ez taldeagaz.
Aurretik, baina, eta ez dagoelako Madalen bezperarik Baztarreko jairik barik, auzotarrek goizetik gauerako egitaraua prestatu dute. Urtero egin legez, ume zein nagusientzako jarduerak antolatu dituzte.
Segurtasun neurriak
Bermeoko Udalak itsas prozesioan parte hartzeko asmoa daukaten ontziei indarrean dagoen araudiak jasotzen dituen segurtasun neurriak errespetatzeko eskatu die. Era berean, Izaro uhartearen inguruan, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak teila botatzen duen momentuan, itsasontzietako jabeei ontzien arteko distantzia errespetatzea ere eskatu die.
Elantxobeko eta Ibarrangeluko udalek, bestalde, autobabeserako plan bat egin dute. Izan ere, bi herriak kontuan izanik, 8.000 lagun aurreikusten dituzte.
Aipatu planagaz jarduteko protokoloa eta erantzukizun partekatua ezarri gura izan dute. Neurriak eta kontrola areagotu gura izan dira segurtasuna bermatzeko, hainbait baitira Madalen egunean itsasotik zein lurretik heltzen diren pertsonak. Elantxobera, bertako bizilagunek eta baimen bereziko ibilgailuek baino ezingo dute autoz sartu, beti ere, identifikazio txartelagaz. Kanpokoek Ibarrangelu zeharkatuz sartu beharko dute Elantxobera. Ibarrangelun aparkaleku gune bat ezarriko dute, eta errepide mozketak egingo dituztela jakinarazi dute.
Planaren baitan, suhiltzaileentzako sarbideak ezarri eta suteak itzaltzeko zerbitzuen sarrerak ere zehaztu dituzte. Araudiak, bestalde, arriskuen arabera hartu beharreko neurriak ere azaltzen ditu: sute arriskua, bonba mehatxua, itotzeko arriskua, eraso matxistak…
Ohiko baliabideez gain, gainera, Madalen egunean baliabide materialak gehituko dituzte, bai eta giza eta osasun baliabideak ere. Ibarrangelun heliportua egongo da, eta itsasoan, Ertzaintzaren eta Gurutze Gorriaren itsasontziak egongo dira.
Zentzuz jokatzeko deia
Jai egunaz gozatzera doazenei, «zentzudunak» izatea eta «errespetuz» jokatzea eskatu die Elantxobeko alkate Josu Olagibelek, bi jarrera horiek «ezinbestekoak» baitira «jai giro on bat» sortzeko. «Madalen eguna ospakizun eguna izatea espero dugu, eta jaia arazo barik joatea. Guztiok jai egunaz gozatzeko, errespetua eskatzen dugu, eta ez ahaztu, ez dala ez. Indarkeria matxistatik gabeko jaiak gura ditugu», esan du Ibarrangeluko alkate Jesus Mari Ziluagak.