Zapatuan Moañan zortzigarren postuan (20:32,92 minutuko denboragaz) eta atzo [abuztuak 27] Boiron hamargarren postuan (19:41,26 minutuko denboragaz) sailkatu ondoren, TKE ligako azken bi estropadak jokatzeko aukera ematen duen zortzigarren postua mantentzea lortu du asteburuan
Antiguako Ama traineruak.
San Pedrorekin lehia estuan aritu ziren ondarrutarrak asteburuan zortzigarren postu hori eskuratzeko ahaleginetan, baina azkenean 76 puntugaz ondarrutarrentzako izan da postu hori; pasaitarrek bi puntu gutxiagogaz amaitu dute asteburua.
Patroi onenaren sailkapenean ere jauzi handia eman zuen Iñigo Larrinaga patroi ondarrutarrak. Beste hiru puntu eskuratuta, sailkapen orokorrean bigarrena da orain, lehen sailkatua den Ioseba Amunarriz hondarribiarrarengandik lau puntura.

Iñigo Larrinaga, Antiguako Ama traineruko patroia.
Lea-Artibai traineruak ere amaitu du Gipuzkoako Liga. Atzo jokatu zuten azken estropada Pasai-Donibanen, eta Hasier Etxaburu eta Erlantz Osak entrenatutako neskek bederatzigarren postuan amaitu zuten, 12:10,67 minutuko denbora eginda. Ligako sailkapen orokorrean ere postu berdinean amaitu dute, 23 puntugaz.
Eguenean, Donostian
Iraileko lehen bi asteburuetan jokatuko den Kontxako bandera jokatu ahal izateko sailkapen estropadan parte hartuko dute eguenean Ondarroak, Isuntzak, Mutrikuk eta Lea-Artibaik. Ohi bezala, erlojupekoan jokatuko dute sailkapena, eta traineruek bi luze eta ziaboga bakarra egin beharko dituzte. Emakumeak 17:30etan hasiko dira lehiatzen, eta Lea-Artibai B multzoan dago kokatuta. Ordu erdi beranduago abiatuko dira mutilak. Ondarroa A taldean dago kokatuta, TKE ligako gainerako taldeekin batera, eta Lekittarra eta Mutriku Arraun Taldea berriz B taldean.

Lea-Artibai traineruak lehen aldiz parte hartuko du Kontxako sailkapen estropadan.