Bi jardunaldiren faltan, Urdaibaik lidergoari eusten dio 178 puntugaz
Urdaibaik Galizian lortu du denboraldiko seigarren bandera. 76 puntu eskuratuta, Ondarroa sailkapeneko zortzigarrena da. Etzi Kontxako sailkapen estropada duteIrailaren lehenengo bi asteburuetan Kontxako lehian buru-belarri aritu aurretik (etzi dute sa...
Urdaibaik Galizian lortu du denboraldiko seigarren bandera. 76 puntu eskuratuta, Ondarroa sailkapeneko zortzigarrena da. Etzi Kontxako sailkapen estropada dute
Irailaren lehenengo bi asteburuetan Kontxako lehian buru-belarri aritu aurretik (etzi dute sailkapen estropada), denboraldiko seigarren bandera irabazi zuen domekan Urdaibaik.Hala, Eusko Label Liga amaitzeko asteburu bakarraren faltan (bi jardunaldi geratzen dira), lidergoari eusten dio talde bermeotarrak.
Hain zuzen ere, 178 puntu ditu Urdaibaik, eta hiru puntu gutxiago ditu Hondarribia Eusko Label Liga irabazteko aurkari zuzenak. Orio da sailkapeneko hirugarrena 160 puntugaz, eta Kaiku laugarrenak 134 puntu dauzka. Gaur gaurkoz, Ondarroa sailkapeneko zortzigarrena da 76 puntugaz; Tiran dauka aurretik 83 puntugaz, eta atzetik San Pedro dago, 74 puntugaz.
Galizian bi estropada
Bermeoko taldeak 19:03.96 denboragaz amaitu zuen herenegungo 27. Bandeira Concello Boiro. 9 segundo eta 40 ehunenera sartu zen Hondarribia, eta 12 segundo eta 68 ehunenera amaitu zuen Kaikuk.
Ondarroa hamargarren sailkatu zen, 19:41.26 denboragaz. Zierbena bigarren txandan atera zen, San Juan eta Tiranegaz batera, eta Zierbena txanda irabazlearengandik 12 segundo eta 10 ehunenera amaitu zuen.
Asteburuko bi estropadak Galiziako uretan lehiatu dituzte. Zapatuan Hondarribia izan zen azkarrena 35. Bandeira Concello de Moañan.
19:46.34 denbora markatu zuen Ama Guadalupekoak. Lehia bizia egon zen Ohorezko Txandako lehenengo hiruren artean; Orio bigarrena Hondarribiarengandik 22 ehunenera sartu zen, eta Urdaibaik irabazleak baino 4 segundo eta 2 ehunen gehiago behar izan zituen estropada amaitzeko.
Ondarroak, berriz, zortzigarren amaitu zuen, Hondarribiarengandik 46 segundo eta 58 ehunenera. Bigarren txandan hirugarren kaletik aterata, laugarren sailkatu zen. Hain zuzen, Zierbena izan zen txandako onena, 20:18.16 markagaz, eta ondarrutarrek 20:32.92 markatu zuten estropada amaieran.
Bi aste barru
Beste urte batez, emozio bizia espero da liga amaieran. Irailaren 16an Bermeoko estropada lehiatuko dute, eta biharamunean Portugaleten amaituko dute denboraldia.