Antolatzaileek egun guztiko egitaraua antolatu dute, eta «buruan txapela jantzita» festara batzeko deia egin diete herritarrei. 13:00ean ekingo diote jaiari, eta aurten, Zubi Zahar herri ikastola izango da omendua, beraz, beraiei egokituko zaie kalejiran txapel erraldoia eramatea herriko kaleetatik zehar. Zubi Zahar herri ikastola 50 urte betetzen ari da aurten, eta urteurren berezi hori dela eta beraiek izango dira omenduak.
Aurkezpen ekitaldia, Alamedan egingo dute kalejira ailegatzen denean, Bertsutan Ondarroako Bertso Eskolako kideek lagunduta. Ekitaldiagaz batera, pintxoak, bokatak eta edariak salduko dituen txosna ere zabalduko dute Alamedan.

Iaz Artelangoak izan ziren txapel erraldoia eramatearen arduradunak.
Antolatzaileek, egun guztiko egitaraua antolatzeaz gain, adin tarte guztietara iristen den egitaraua ere prestatu dute. Horrela, egun guztian, helduentzako ekintzak ez ezik haurrentzako jolasak ere egongo dira. Horretarako, jai eremua Alamedatik Musika Plazara eta Itsasaurrera ere zabalduko da.
Herri bazkaria. Urtero legez, 14:30etan herri bazkaria egingo dute Alamedan: marmitako jana. Bazkari horretara joan ahal izateko tikeak salgai daude jada, eta irailaren 6ra bitartean egongo dira Kurike, Garoa eta Irkaitz dendetan.
Bazkaldu eta gero jada ohitura bihurtzen ari den haurren zein nagusien txapel jaurtiketak egingo dira, 17:30etan eta 18:00etan hurrenez hurren, baina antolatzaileek gogorarazi dute nagusien lehiaketan parte hartzeko ekintza hasi baino ordu laurden lehenago izena eman beharko dela Alamedan bertan.
Antolatzaileek «ahaztu barik» txapela jantzita ekartzeko eskaria egin diete herritarrei.

Iazko Txapel Eguna giro onean ospatu zuten.
Ikusi hemen iazko Txapel Eguneko argazkiak: