Arrantzale eta herritarren urte askotako eskaerari erantzuteko asmoz, Lekeitioko Udalak portua ordenatzeko plan bat eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Portua berrantolatzea eta kai barreneko segurtasuna areagotzea nahi dute, Arrantza kofradiaren, Leakai aisialdiko ontzien elkartearen, Isuntza Arraun Elkartearen eta portuaren lamina erabiltzen duten turismo aktiboko enpresen jarduerak bideratzeko eta bermatzeko.
Koldo Goitia Lekeitioko alkateak jakitera eman duenez,
hamar urtetik gora daramatzate arrantzale zein herritarrek portu ingurua berrantolatzeko eskaria egiten. “Portua ordenatzeko dago eta irisgarritasuna hobetzeko, eta erabiltzaileek pantalan berriak ipintzea eskatzen dute potinak kairatzeko”. Horrela, aldarrikapen horri erantzuteko, alkateak plangintza bat eskatu zion
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretarako sailburuari abuztuaren hasieran Lekeitiora egindako bisitan.

Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea eta Antonio Aiz Garraio sailburuordea Lekeitioko portuan abuztu hasieran egindako bisitan. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Plana egiterakoan, baina,
arrantza jarduera kontuan hartzea eta berrantolaketak sektoreari kalterik ez eragitea eskatu dio alde batetik, Lekeitioko Udalak sailburuari, eta Antzar Eguna orain arte moduan ospatu ahal izatea, bestetik. “Portua erabiltzen duten guztien interesen arteko
oreka lortu nahi dugu, erabiltzaile guztien jarduerak bermatzeko, baina arrantza sektoreari eta Antzar Egunari kalterik egin barik”.
Kontuan izan dituzte aisialdiko itsasontzietan udalerrira hurbiltzen diren bisitariak ere. Lekeitioko alkateak azaldu duenez, gero eta itsasontzi gehiago iristen dira udalerrira, batez ere udan, eta ez dago horiek guztiak amarratzeko lekurik. “Bisitariek libre ikusten dituzten lekuetan lotzen dute ontzia, eta arrantza ontziak portura itzultzen direnean mugitu behar izaten dituzte”. Udalak konpondu egin nahi du baita desordena hori, eta horretarako osatuko duten planean
kortesiazko pantalanak jartzea aurreikusi dute.
Tinglaua. Portua ordenatzeagaz gainera, Tinglauko moila ere konponduko du Eusko Jaurlaritzak. Moilaren muturreko zimentazioa konpondu eta sendotzeko lanak burutuko dituzte, eta bere sekzioa berregitea ere aurreikusten dute zati batean. Lan horrek 551.000 euroko aurrekontua izango du, eta lau hilabetean amaitzea dute asmoa. Lakuak eskuartean dituen aurreikuspenak betez gero, obrak urrian hasiko lirateke.