1936ko gerran Markinaldeko Sektorea deitu zioten ingurunean ateratako argazkiak ikusgai egongo dira irailaren 1etik 30era Markina-Xemeingo denda eta tabernetan. Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak garai hura eta gerra hartako gertaerak erakusten dituen
argazki bilduma bat osatu eta herriko gune ezberdinak aukeratu ditu erakusteko. Hain zuzen, Markina-Xemeingo
hogei komertzio eta tabernetan egongo dira argazkiak, erakusleiho bakoitzerako egokitutako panel banatan.
Panel batzuk establezimenduen barruan kokatuko dituzte, eta beraz, establezimenduaren ordutegian ikusi ahalko dira. Beste batzuk aldiz, erakusleihoan jarriko dituzte, edozein momentutan ikusteko modura. Azaldu dutenez, argazkiak, zuri beltzekoak eta jatorrizko kalitate eta neurri ezberdinekoak izango dira.

Markina-Xemein 1937ko argazkia, soldaduak Karmengo elizaren aurrean. Argazkia: Kutxateka
Horrez gain, neurri handiko argazki bat erantsiko dute Markina-Xemeingo Zehar Kalean, Kukubiltxu arropa denda aurrean dagoen erakusleihoan, eta argazki hori
iraunkorra izango da, Ahaztuen Oroimena elkartekoek azaldu dutenez “gertaera haien memoria bizirik mantendu asmoz”.
“Alde batetik, 1936ko gerra eta haren ondorioez jabetu eta memoria ariketa kolektibo hau aurrera eramateko, herritarrengandik gertukoak diren, egunerokoak diren, espazioak erabili nahi izan ditugu. Bestetik, erakusketa honek gertuko komertzioa indartzeko helburua ere badauka, herriko komertzioa
memoriarako espazio biurtuz”, azaldu dute.
Erakusketa horregaz batera, ekimena osatu asmoz, 2014-2016 artean, Zelaietaburuko (Etxebarria) memoria gunean egindako lan eta
deshobiraketen inguruko argazkiak ere ikusgai egongo dira Uhagon Kulturgunean.
ARGAZKI ERAKUSKETAKO GUNEAK