Eguerdian
Ibarrola auzoko ermitan meza entzun ostean, duatloia egin dute.
Beroari eutsiz, herritar asko batu dira Murlako jaietan. Meza ostean, pintxoak dastatzeko aukera izan dute, eta batzuk duatloia eta txinga eroate proba ikusten zeuden bitartean, beste batzuk ermita aurrean jesarrita egon dira, tertulian kontu-kontari.
Bost parte hartzaile egon dira aurten, eta
Mitxel izan da denetan
azkarrena. 10 minutu eta 46 segundo behar izan ditu arin-aringa eta bizikleta saioak burutzeko (buelta bana egin dute korrika eta bi buelta bizikleta gainean). Irabazleak 50 euro eta garaikurra eskuratu ditu. Halaber, parte hartzaile guztiek jaso dute saria.

Duatloiko irabazlea helmugaratu den unea.
Urbe helmugaratu da bigarren, 11 minutuko denboragaz. Haren atzetik Sabin heldu da (11 minutu eta 40 segundo). Hala, parte hartu duen neska bakarra sailkatu da laugarren postuan. Aiorak 12 minutu eta 21 segundo behar izan ditu duatloia amaitzeko. Haren atzetik Jon Zarate helmugaratu da, 13 minutu eta 5 segundoko denboragaz.
Duatloiaren ostean, txinga jaurtitze txapelketa egin dute.
Musa eta umeen jolasak. Bazkalostean mus txapelketan eta umeen jolasetan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek.
17:00etan hasiko da museko lehia. Parte hartzeko asmoa dutenek bikoteko 15 euro ordaindu behar dituzte. Bikote irabazleak 240 euro eta txapelak jasoko ditu, eta bigarrenak garaikurrak eta 180 euro. Hala, hirugarren sailkatzen den bikotearentzat 120 euroko diru-saria dago, eta laugarrenarentzat 60 eurokoa.
Bestalde,
18:00etatik aurrera egingo dituzte umeen jolasak.
Gauean, berriz, dantzan eta kantuan borobilduko dituzte Murlako jaiak. 22:30etik aurrera,
Esteibar eta Obietaren erromerian elkartuko dira aulestiarrak.