10:00etan hasi eta 13:00eraino edukiko dute parte hartzaileek 15 lagunentzako marmitakoa prestatzeko denbora. Hori da antolatzailea den Txoko Eder elkarteak ezarritako denbora tartea Galbaixo Txiki eguneko [irailak 15, barikua] marmitako onena prestatzen saiatzeko. Beheko plazan egingo da lehiaketa.
Izena emateko epea zabalik dago, eta irailaren 8an, barikua, itxiko da. Izena, Alvaronean edo Sabinan eman behar da, eta talde bakoitzak 6 euroko fidantza ordaindu beharko du. Gehienez 16 taldek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, izena emandako talde kopurua handiagoa bada zozketa bidez erabakiko da zein taldek parte hartuko duten.

Iazko marmitako txapelketako sei sarituak.
Osagaiak. Antolatzaileek 3 kilo hegaluze, 4 kilo eta erdi patata, olioa, gatza eta sua emango dizkie parte hartzaileei, eta beraz, gainerako materialak eta osagaiak eramatea euren esku geratuko da; piperrak, txorixo-piperrak, kipula, ogia, pipermina eta tomateaz gain, soilik barazkiak gehitu ahal izango zaizkio marmitakoari. Antolakuntzak gogorarazi du ezin dela kondimenturik erabili.
Sari banaketa eta ondorengo subasta 14:00etatik aurrera egingo dira. Talde irabazleak, 250 euro eta txapela jasoko ditu, eta hurrengo bost taldeek ere edukiko dute saria.