Lau hilabeteko lanak amaitu ostean, ertzain etxeko zenbait gelatan azken ukituak eman dituzte azken egunetan beharginek. Ondarroako ertzain etxea
herritarrengana hurbiltzea eta eskaini beharreko zerbitzua hobetzea izan dira lanen helburuak.
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuak otsailean ertzain etxean bertan azaldu zuen modura, komisaldegiaren barruan zein kanpoko perimetroan egin dituzte hobekuntza lanak.
Barruko aldeari dagokionez, herritarren harrerarako gunea eta ondorengo arreta emateko guneak moldatu dituzte, sarrera, esate baterako.
Kanpotik barruko aldea ikusi ahal da orain, kristalez itxi baitute sarrera. Arreta hobetzeko bidean, irisgarritasuna ere bermatu dute ertzain etxe osoan. Kanpoko perimetroari dagokionez berriz, hesi bat jarri dute komisaldegiaren inguruan, aurretik zegoen horma eraitsita. Hesi berri horrek, baina, bakarrik Artibai errekako aldea ixten du; goiko errepideko aldean lehengo horma bera utzi dute. Horma hori 2009an eraiki zuten, ETAk bonba auto batez eraso egin baitzion hilabete batzuk lehenago, 2008ko irailaren 21eko goizaldean hain zuzen.

Ondarroako ertzain etxea, erreka ondotik begiratuta.
Hobekuntza lan horiekin
50 metro koadro irabazi ditu komisaldegiak, eta 3.682,42 metro karratu izatetik 3.732,37 metro karratu edukitzera pasa da.
Lanen
aurrekontua 365.111 eurokoa izan da, eta Beltran de Heredia sailburuak Ertzaintza herritarrengana hurbiltzeko sortu zuen Horizonte 2016 planaren barruan egin da, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako beste hainbat ertzain etxerekin batera.
Ertzain etxeko lanekin batera, alboko aparkalekuan ere hobekuntzak egin dira. Aparkalekuak berriz margotu eta zuzendu dituzte, eta guztira 50 bat autorentzako lekua dago. Mugikortasun arazoak dituztenentzako lekuak ere aparkalekuaren barrualdetik sarrera ondora lekualdatu dituzte.

Ertzain etxearen ondoko aparkalekuan ere mantentze lanak egin dituzte.