Gasolindegi eta Eliz-Atea kale ingurua hobetzeko pausoak ematen hasi da Lekeitioko Udala. Hasteko, 2015 urtean egindako Gasolindegi eta Eliz-Atearen gunea berriztatzeko
proiektua berreskuratzea eta
eguneratzea erabaki du. Azaldu dutenez, proiektu horregaz urteetan auzokideek egindako eskariari irtenbidea eman nahi diote, gune horretako iriste erraztasuna hobetuz eta zaharkitutako ingurua berrituz.
Eliz-Atea kalea.
Egitasmoa eguneratu eta hobekuntza batzuk sartzeko, proiektua berridaztea erabaki du udalak. Horrela, aldaketekin, esku hartzea Eliz-Atea
kale osora zabalduko dute, Gazteguneraino. “Hasierako proiektuan obrak Eliz-Atea 4 atetaraino bakarrik egitea aurreikusten zen”, zehaztu dute.
Horrez gain, hasierako proiektuan eliza aldean egitea aurreikusten zen oinezkoentzako losa lekuz aldatu eta
etxebizitzen atarien aldean egitea erabaki dute. “Ibilgailuentzako bidea eta oinezkoentzako losa maila berdinean joango dira, Atea kaletik Eskolaperaino dagoen moduan”. Helburua oztopo arkitektonikoak ezabatu eta iriste erraztasuna hobetzea dela azpimarratu dute.