Gaur goizaldean [abuztuak 31] lehorreratu dituzte azken hegaluze aleak Ondarroako Ongi Etorri eta Lekeitioko Kalamua ontziek. Hegaluzeaz gain, 6.057 kilo hegalabur ere saldu dituzte Kalare Deuna kofradian abuztuan.
Zehatz esanda, 271.499 izan dira porturatu diren hegaluze kiloak. Horietatik 169.783 kilo tamaina ertaineko hegaluzearenak izan dira eta bataz beste 3,80 euroko prezioa egin du Kalare Deuna arrantzaleen kofradian. Tamaina handiko 34.877 kilo eta txikiko 66.859 kilo ere lehorreratu dira, eta hurrenez hurren 4,95 euroko eta 2,70 euroko bataz besteko prezioa egin dute. Hegalaburra berriz 6,11 euroko prezioan saldu da bataz beste.

Ongi Etorri ontzia, gaur goizaldean.
Baina arrantzaleak kexu dira, pelagiko frantses eta irlandarrek geroz eta eragin negatibo handiagoa dutelako euskal ontzien zereginetan. Arrantzaleen esanetan, ontzi hauek Bizkaiko eta Gipuzkoako txalupak jarraitzen dituzte arrantza-lekuetaraino, eta bertara iristean euren sare handiekin hegaluzeen gehiengoarekin jabetzen dira. Esate baterako, duela bi aste, euskal ontziak Galiziatik bi miliatara zebiltzan arrantzan, eta patroiek ekialderantz joatea erabaki zuten, gehiago arrantzatuko zutelakoan. Baina beste behin, ontzi frantsesek eta irlandarrek mugimendu hau ikusi eta beraiei jarraitzeari ekin zieten.
Euskal arrantzaleek Europar Batzordearen babesa eskatu dute, ontzi hauek beharrezkoa ez duten hegaluzea ere arrantzatzen dutelako, eta gero hildako arrain tona asko botatzen dutelako berriz itsasora.