Lau hilabeteren ostean, amaitu dituzte Ondarroako ertzain etxeko beharrak
Ertzaintza herritarrengana hurbiltzea eta eman beharreko zerbitzua hobetzea izan dira lanen helburuak. Horizonte 2016 egitasmoko lanak izan dira, 365.111 euroko aurrekontuagazErtzain etxeko zenbait gelatan azken ikutuak eman dituzte azken egunetan beha...
Ertzaintza herritarrengana hurbiltzea eta eman beharreko zerbitzua hobetzea izan dira lanen helburuak. Horizonte 2016 egitasmoko lanak izan dira, 365.111 euroko aurrekontuagaz
Ertzain etxeko zenbait gelatan azken ikutuak eman dituzte azken egunetan beharginek, lau hilabete iraun dituen lanak amaitzeko. Ertzaintza herritarrengana hurbiltzea eta eskaini beharreko zerbitzua hobetzea izan dira lanen helburuak.Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak otsailean ertzain etxean bertan azaldu zuen bezala, komisaldegiaren barruan zein kanpoko perimetroan egin dituzte hobekuntza lanak.
Barruko aldeari dagokionez, herritarren harrerarako gunea eta ondorengo arreta emateko guneak moldatu dituzte, sarrera esate baterako. Kanpotik barruko aldea ikusi ahal da orain, kristalez itxi baitute sarrera. Arreta hobetzeko bidean, iriste erraztasuna ere bermatu dute ertzain etxe osoan.
Kanpoko perimetroari dagokionez, berriz, hesi bat jarri dute komisaldegiaren inguruan, aurretik zegoen horma eraitsita. Hesi berri horrek, baina, Artibai erreka aurreko aldea ixten du; goiko errepideko aldean lehengo horma utzi dute. Horma hori 2009. urtean eraiki zuten, ETAk bonba auto batez eraso egin baitzion 2008ko irailaren 21eko goizaldean.
Hobekuntza lanekin 50 metro koadro irabazi ditu komisaldegiak, eta 3.682,42 metro koadro izatetik 3.732,37 metro koadro edukitzera pasa da. Lanen aurrekontua 365.111 eurokoa izan da, eta Beltran de Heredia sailburuak Ertzaintza herritarrengana hurbiltzeko sortu zuen Horizonte 2016 planaren barruan egin da, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako beste hainbat ertzain etxegaz batera.
Ertzain etxeko lanekin batera, alboko aparkalekuan hobekuntzak egin dira. Aparkalekuak berriz margotu eta zuzendu dituzte, eta guztira 50 bat autorentzako lekua dago. Mugikortasun arazoak dituztenentzako lekuak ere aparkalekuaren barruko aldetik sarrera ondora lekualdatu dituzte.