Mutrikuko lokal komertzial hutsak berreskuratzeko diru laguntzak emango ditu udalak
Deialdia irailaren 22raino egongo da zabalik. Helburua, Mutrikuko merkataritza biziberritzeko inguru komertzialetan merkataritza berreskuratzea eta indartzea da. Horretarako, herriko lokal komertzial hutsak ekintzaile berriekin berreskuratzeko estrategia garatu nahi du udalak.
Laguntza hau, Mutrikun merkataritza jardueraren bat abiatzeko interesa duten pertsona fisiko edo juridiko guztiei zuzendurik dago, pertsona hauek edonon bizi direla ere.
Laguntza hauetaz baliatu nahi duen orok lau baldintza bete behar dituela zehaztu dute udaletik. Lehenengoa, interesatuek negozio proiektu bideragarri bat izatea da. Bigarrena, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean edukitzea, hirugarrena, Mutrikuko Udalarekin zorrik ez izatea eta laugarrena, diru-laguntzen onuradun izateko debeku egoeretan ez egotea.
Informazio zuzena jaso nahi duten pertsonak Mutrikuko udaletxera zuzendu beharko dira.