Martxan aurrez izena emateko epea astelehenean amaituko da
Irailaren 17an egingo dute Ispasterko VI. Mendi Martxa. Parte hartu nahi dutenek, baina, hilaren 11 izango dute aldez aurretik izena emateko azkenengo eguna, www.kirolprobak.com webgunearen bitartez. Ispasterko Udalak seigarrenez antolatu du proba, eta...
Aldez aurretik zein egunean bertan izena eman, prezio bera dago. Hain zuzen ere, 14 urtera artekoek 10 euro ordaindu behar izango dituzte, eta gainontzekoek 15 euro.
Hala eta guztiz ere, Internet bidez aurrez izena ematen dutenek bakarrik jasoko dute kamiseta, eta egunean bertan izena ematen dutenek, ostera, opari bana jasoko dute.
Zozketak
Beste alde batetik, parte hartzaile guztien artean zenbait opari zozkatuko dituzte: pultsometro bat Otoio Kirolak-en eskutik, fisioterapia saio bat Maite Fisioterapian, bi pertsonentzako bazkaria Areitz-Bi jatetxean eta bi pertsonentzako bazkaria Herriko Tabernan.
Egunean bertan, proba bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago izena eman ahalko dela zehaztu dute.
Hasierako urteetan mendi martxa egin ostean, iaz lehenengoz, mendi bizikleta martxa eta mendi lasterketa ere antolatu zituzten. Hala, aurten ere lau proba egiteko aukera eskaini dute: martxa luzea, BTT martxa, lasterketa eta martxa laburra.
Ibilaldi luzea eta lasterketa 23 kilometrokoak dira, eta mendi bizikletako ibilbidea da luzeena, 28 kilometrokoa, hain zuzen ere. Beste alde batetik, umeekin egiteko aproposa den ibilaldiak 10 kilometro ditu.
Mendi martxa luzeko partaideak izango dira goiztiarrenak; 08:30ean irtengo dira plazatik. 09:30ean, berriz, BTT probako txirrindularien txanda izango da, eta 10:00etan aterako dira korrikalariak. Azkenik, ibilbide laburreko parte hartzaileak 10:00etan daukate ordua.
Ibilbidean zehar hornidura guneak egongo dira: martxa laburreko partaideentzat bi anoa postu jarriko dituzte, eta beste hiru probetakoentzat lau hornidura gune egongo dira.
Informazio gehiago nahi izanez gero, www.ispaster.net eta ispasterkomendimartxak.blogspot.com.es atarietan dago.