Bizipenak eta hausnarketak liburua argitaratu zuen Erkiziak iazko udazkenean Txalaparta argitaletxeagaz. Ondarroan aurkeztuko du eguenean [irailak 7], 19:30etik aurrera, Kofradia Zaharrean.
Zelan sortu zen liburua idazteko proiektua?
Liburua ez da autobiografia bat. Nire bizipenetatik abiatuta, Euskal Herriak 50 urte hauetan egin duen ekarpena jaso nahi izan dut. Beti ere nire ikuspuntutik eta ezker abertzalearen ikuspuntutik; ez da ez egi osoa ez argazki osoa.
Baina aurretiaz zeneukan pentsatuta liburua idaztea?
Ez neukan pentsatuta. Txalaparta argitaletxeko zuzendariak askotan esaten zidan zer edo zer idatzi behar nuela, eta nik ezetz. Ez zait inoren biografiak irakurtzea gustatzen, eta horregatik esaten nion ezetz. Dena dela, iritzi artikulu batzuk idatzi nituen, eta bidali egin nizkion. Esan zidan ez zituela irakurri ere egingo, nire memoriak publikatu nahi zituela edo ezer ez.
Akaso, zuk zeuk zure bizipenei ematen diezun balioa baino gehiago ematen dio berak.
Baliteke. Orduan esan nuen, beno, nire bizipenak edota nire hausnarketak beste norbaitentzat garrantzitsuak badira, ba idatziko dut. Eta hasi nintzen, eta urtebetean idatzi nituen.
Emaitzagaz gustura geratu zara?
Nahikoa gustura, batez ere jaso ditudan iritziak nahikoa politak direlako. Funtsean, ni gustura nago beste batzuentzat zerbaiterako balio duelako.
Irakurleek zer esan dizute?
Jendearen aldetik erantzun ona jaso dut; gustura eta erraz irakurtzekoa dela esan didate. Norbaitek esan zidan hobe zela erdaraz idaztea. Nik esan nion jende gutxiagok irakurriko zuela euskaraz idatzita, baina nire nortasunari ez niola huts egin nahi. Gehiegi erortzen gara errazkeria horretan. Kasu askotan gure nortasuna galtzera ere heltzen gara, eta nik hori ez nuen nahi. Saiatu naiz euskara ahalik-eta errazenean idazten, kapitulu laburrak egiten, esaldi laburrak egiten.
“Ehunka gazte eta militante zigortu dituzte, baina batez ere gazteria. Gazte horien guztien bizitza apurtzera joan dira, eta horren guztiaren helburua beti izan da herri borroka hori ahultzea”
Barrua husteko balio izan al dizu?
Bai. Horrelako lan bat idazteak norberari eskatzen dio barne hausnarketa egitea. Momentu batzuetan autokritika ere egiten dut. Ahalik-eta zintzoen egin dut, beti ere, niri ikuspuntutik eta nire ekarpentxoa egiteko.
Ezker abertzalearen azken 50 urteak hiru hitzekin definitu dituzu: esnatu, eraiki eta eutsi.
Euskal Herria beldurturik zegoen, menpekotasuna barneratuta zeukan herri bat izatetik, nik uste deskubritu dugula bagarela nor eta gure buruaren jabe izan behar garela; odola sentitu genuen. Hor jauzi garrantzitsu bat eman zuen euskal jendarteak, esnatu egin zen.
Eta eraikitzen hasi ginen?
Ahaztu egiten dugu askotan herri honek zenbat gauza eraiki dituen.
Ahanzturan erortzen gara askotan…
Horrela da, bai. Atzera begiratzen hasten zarenean ikusten da hori. Ikastola bezalako herri ekimen indartsu bat sortzea, esaterako, ez da erraza izan. Hizkuntza erabat galduta zegoen herri batean sortzea, debeku guztien gainetik, erakunderik ez genuenean, eta gero ere erakundeen kontra askotan, eta beste batzuetan laguntza eskasa aprobetxatuz. AEK bezalako mugimendu bat, kooperatibismoa ekonomia berrian… Momentu batean bertoko dirudunek, PNVk barne, apustu garbia egin zuten hemen zentral nuklearrak egin zitezen. Eta momentu batean lau zentral nuklear egitekoak ziren. Jendarteari esker laurak geldiarazi genituen. Hori herri gutxitan gertatu da. Orain, ordea, Garoña itxi denean, erakunde batzuk atera dira esaten Garoña ixtea euren lorpena izan dela.
Beharbada, haiek ere ahaztu egin dira.
Erakundeak ere gugaz batera lerrotu direla? Bada, oso ondo, ongi etorri. Guk nahi duguna da biltzea, eztabaidatzea eta guztion artean erabakitzea. Euskal Herri nuklear bat izatetik ez nuklearra izatera pasatu gara. Eta hori herri borrokaren lorpen bat izan da, soldadutzarena bezala. Ekonomia alorrean ere, Lankide Aurrezki kutxa ere ez da guk nahiko genukeena, baina baditu hainbat elementu herri baten antolaketaren bidean erabilgarriak izan ahal direnak.
Kooperatibismoa aipatu duzu. Nola ikusten duzu gaur egun?
Egia da multinazionalak saiatzen direla eta esfortzu handia egiten dutela erakunde batzuen laguntzagaz nolabait bide horiek desitxuratzeko edo beraienganatzeko. Egia da, momentu honetan, kooperatiba munduan badagoela mugimendu bat oso garbia multinazionalekin lerrotu nahi duena. Multinazionalekin lerrokatzen badira kooperatibismoaren sena galduko dugu. Baina hor daude. Historia honetan kontraesanak ere badaude. Multinazionalek, Espainiar estatuaren eta beste indar askoren laguntzagaz, herri egitura desitxuratu nahi dute. Beste ekarpen bat da herritar batasuna. Orain badirudi Podemosek asmatu duela hori. Egia da guk ere ez genuela asmatu.
Eta ondoren, eraikitako guztiari eutsi egin behar izan zaio, oztopoak tarteko.
Ez da ahaztu behar ehunka gazte zigortu dituztela. Ilegalizazioa izan da ezker abertzalea ahultzeko tresna bat, PNVren baimenagaz. Horregaz ehunka gazte eta militante zigortu dituzte, baina batez ere gazteria. Gazte horien guztien bizitza apurtzera joan dira, eta horren guztiaren helburua beti izan da herri borroka hori ahultzea. Eta saiakera horiek etengabeak izan dira, eta helburu beragaz jarraitzen dute. Orain, herriko taberna guztiak zintzilik daude. Oraindik horren aurka egin ez badute, politikoki ez zaielako interesatzen da.
Herri borroka «indartsua» aipatzen duzu. Jendarteak erakutsitako indarrak harritu zaitu noiz edo noiz?
Momentu asko izan dira. Mahai Nazionaleko kide nintzenean eta Euskal Herrian egin izan diren manifestazioetan pankartaren atzean joaten nintzenean, betekada etortzen zitzaidan, emozioa. Ardura bat geneukala sentitzen nuen. Herri honek independentziara eramango duen zuzendaritza on bat behar duela sentitzen nuen. Izan ere, herri honek zerbait badauka, indarra da.
“Historikoki bizi izan dugun abagune garrantzitsuena daukagu, aukera izugarria daukagu. Izan ere, Kataluniak hartu du bere bidea”
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Orain etsipen puntu bat dagoela sentitzen dut. Eta uste dut horrek ere badaukala bere azalpena. Baina historikoki bizi izan dugun abagune garrantzitsuena daukagu, aukera izugarria daukagu. Izan ere, Kataluniak hartu du bere bidea.
Eta Euskal Herriak?
Erreferendumaren aurrean jarrera koherentea hartu genuen, eta historiak erakutsi digu bide zuzena zela. Duela 40 urte ezker abertzalea bakarrik egon zen trantsizio horren kontra. Bakarrak izan gara urte askoan esan dugunak Frankismoaren inpunitatea apurtu egin behar dela. Inpunitate horregaz ezin da askatasun bidean aurrera egin. Gaur egun askok aitortzen dute hemen ez dela benetako trantsiziorik egon, eta hori beharrezkoa dela. Orain, 40 urte beranduago, Kataluniak hartu du gure lekukoa; Katalunia abagune izugarri bat ari da zabaltzen.
Zer gertatuko da urriaren 1ean?
Badakit urriaren 1ean mundua ez dela aldatuko, baina seguru nago egun hori independentziara bidean inflexio puntua izango dela. Badakit baita ere urriaren 2an Katalunia ez dela independentea izango, baina dudarik ez daukat berdina ez dela izango. Euskal Herria bete-betean hor sartzen da. Sinisten dugunok independenteak izan behar garela, Katalunia daukagu eredu. Gure borroka beraiena da, eta gurea ere eurena da. Arinago edo beranduago, estrategiek bat egingo dute.
Euskal Herriak bide bera jarraitu behar du?
Momentu honetan falta zaiguna da gure indarretan sinistea. Eta horretarako garrantzitsua da gure historia begiratzea. Ikustea herri hau zertarako gai izan den. Katalunia bazirudien estatuarekin lerrokatuta zegoela, eta gu bakarrik ari ginela erraldoi handien aurka. Bada, momentu honetan erraldoi bat altxatu zaigu gure alde.
Momentua aprobetxatu behar dela diozu.
Orain da hitz egiteko momentua. Zenbat gauza egin ditugu horren alde? Katalanak bide bat zabaltzen ari dira, eta hori gure bidea ere bada.
“Herria ahaldundu egin behar dugu, eta sentitu gai garela gure herri modu propioan eraki. Ez dugu inor baztertuko, baina ez dugu inolako menperatzailerik onartuko”
Eta bidera gehitzeko zer da egin behar dena?
Guk bi estatu zapaltzaile ditugu, eta horiengandik askatu behar dugu. Baina, aldi berean, multinazionalengandik ere askatu behar dugu. Horrek ez du esan nahi multinazionalek ezin dutela hemen inbertitu. Inbertitu ahal dute, baina guk kontrolatu behar dugu. Herria ahaldundu egin behar dugu, eta sentitu gai garela gure herri modu propioan eraki. Ez dugu inor baztertuko, baina ez dugu inolako menperatzailerik onartuko. Gure indarretan sinisten badugu, antolatu ahal gara. Gureari eutsi behar diogu, herri bezala. Nik, egia esan, duela urte batzuk baino gertuago ikusten dut independentzia.
Inork inoiz esan dizu baikorra zarela?
Bai. Nahikoa bitalista naizela uste dut. Eta uste dut bizitzan gerta ahal zaigun gauzarik onena dela egunerokotasuna intentsitatez bizitzea. Badakit bizitza ez dela erraza, inondik inora ere ez. Baina badakit ekinez bidea egiten dela, ekinez ezina egiten dela. Gure historiak hori behin eta berriro erakutsi digu hori. Independentzia, orain, inoiz baino posibleagoa da. Posible baldin bada, goaz presarik gabe aurrera. Goazen Kataluniari laguntzera, eta gure bide propioa eginez, askatasun zirrikituak aprobetxatzera. Bide horretan badugu zer ikasi ere. Inoiz Euskal Herria ez da izango herri perfektua, horretan ez dut sinisten, baina bai sinisten dut guk egindako ekarpenetan, eta asko daukagu oraindik emateko.