Irailaren 17an Anoetan Real Madrilen aurka jokatu beharreko partidua hasi baino lehen emango diote berriatuarrari domina Real Sociedadeko zuzendaritza batzordeko ordezkariek. Partidua 20:45ean hasiko da.
Ansotegik Realeko lehen taldean hamaika denboraldi jokatu zituen, eta Donostiatik atera zenean SD Eibar eta RCD Mallorca taldeetan jokatu zuen. Duela bi hilabetetik Zubietan ari da lanean, harrobi txuri-urdineko gazteen teknikari modura.
Ansotegi, artxiboko irudian. Argazkia: Real Sociedad
Albistea “pozez” jaso duela onartu du berriatuarrak, Reala hainbeste urtez bere egunerokotasunean egon dela, eta hainbeste urtean lehen taldean egindako lanari “esker ona” adierazteko modu bat dela hau. Azken urteetan, talde txuri-urdina bere bizitzaren zati garrantzitsu bat izan dela gaineratu du.
Aitortu du momentu onak eta txarrak bizi izan dituela Realean, baina bi momenturekin geratzekotan beharbada zaletuek gehien atsegin dituzten bigaz geratzen dela: 2. mailatik igotzea lortu zutenekoa eta Liga txapelketan 4. postuan sailkatu eta Txapeldunen Liga jokatzeko aukera eduki zutenekoa.