Ekainaren 1etik abuztuaren 31ra arteko egunetan turismo bulegotik pasatako bisitari kopurua %2,23 hazi dela jakinarazi dute. Euskal Herriko gainontzeko herrietatik eta atzerritik etorritako bisitari kopurua igo egin da, baina bisitari espainiarren kopurua jaitsi egin da.
Iaz, epe berdinean, 7.141 pertsona igaro ziren turismo bulegotik, eta aurten berriz 7.300 lagun, hau da, 159 pertsona gehiago. Bisitarien jatorriari dagokionez, hazkunde gehiena eduki duen taldea euskaldunena da. Iazko 836 bisitaritik aurtengo 1.137 bisitarira igaro baita, hau da, %36ko hazkundea eduki du.
Espainiatik etorritako turisten eta atzerritik etorritakoen artean ez da egon aldaketa handirik. Turismo bulegotik pasa diren espainiarren kopuruak %2,41eko jaitsiera eduki du, eta atzerritarrenak aldiz %1,65eko hazkundea.
Hilabeteei dagokienez, ekainean eta uztailean eman da hazkunde handiena, %12,75ekoa eta %6,55ekoa hurrenez hurren; abuztuan berriz, %1,88 jaitsi dira turismo bulegora egindako bisitak.
Mutrikuko inguruneak bisitari asko erakartzen ditu.