Kaltzada egoitzaren aldeko jaialdia hartuko du bihar Jai Alaik
Egiguren-Lopez, Beaskoetxea-Aldazabal, Barandika-Lekerika eta Hormaetxea-Enbil bikoteek jokatuko dute. Juan Ramon Rementeria 'Remen' omenduko duteKaltzada Klasikoa jaialdian goi mailako bi partidu jokatuko dituzte bihar, 21:00etatik aurrera. Besteak be...
Egiguren-Lopez, Beaskoetxea-Aldazabal, Barandika-Lekerika eta Hormaetxea-Enbil bikoteek jokatuko dute. Juan Ramon Rementeria ‘Remen’ omenduko dute
Kaltzada Klasikoa jaialdian goi mailako bi partidu jokatuko dituzte bihar, 21:00etatik aurrera. Besteak beste, etxeko hiru puntisten jokoaz gozatzeko aukera izango dute Gernika Jai Alaira bertaratzen diren zaleek.Hain zuzen, Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernikarrek Alex Hormaetxea bermeotarraren eta Gotzon Enbil zumaiarraren kontra jokatuko dute.
Gaueko beste partidua, berriz, Diego Beaskoetxea gernikarraren eta Ibon Aldazabal berriatuarraren eta Mikel Egiguren donostiarraren eta Imanol Lopez zumaiarraren artekoa izango da.
Aipatu puntistek AEBetara bueltatu aurretik jokatuko duten azken partidua izango da bihar gauekoa.
50. jaialdia
Gainera, aurten Juan Ramon Rementeria Remen puntista ohia omenduko dute.
Bestalde, Grand Slameko partiduetan moduan, jaialdia musikaz girotuko dute oraingoan ere, The Flipping Karlomagnos eta DJ Sessionen eskutik.
Diego Beaskoetxeak «udako agur» moduan oso jaialdi handia dela adierazi du: «Gure jendea etorriko da frontoira. Uda guztian torneo handi bat egon da, jende asko etorri da frontoira. Oihala zarratzeko bi partidu oso handi daude. Ea denok gozatzen dugun, eta datorren urtera arte jendeak gogoz itxaroten gaituen».
50. jaialdia da aurtengoa, eta Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak bost hamarkada hauetan «340 pilotari inguruk» jokatu dutela gogora ekarri du. «Aurten hiru gernikar izango ditugu, eta eurei eta jokatuko duten beste pilotariei eskerrak eman gura dizkiet, eurek barik ez delako posible jaialdia».
Egoitzaren aldeko «aitzakiagaz», frontoia bete eta jendeak «ondo pasatzea» espero du Gorroñok.
Gaizka Muniategi Gernika Jai Alai Professionaleko ordezkariak «bi partidu estelar» daudela nabarmendu du. «Eskerrak eman gura dizkiegu zapatuan egongo diren pilotari guztiei, eta batez ere Jai Alive enpresari, Zumaiako txapelketan barikuan finalerdiak dituzte, eta gure gonbidapena hartu dute. Galtzada egoitzaren aldeko jaialdian egongo dira, eta guretzat garrantzitsua da».
Gaueko omenduari dagokionez, Muniategiren berbetan, Remen umetatik «erreferentzia» moduan izan dute: «Pilotari oso handia izan da, eta gaur egun ere eskolan oso presente dago. Lan handia egiten du, eta omenaldia oso merezita dauka. Besteak beste, eskolan irakasle bezala dabil, umeei zestak zelan konpondu erakusten».
Bestalde, Muniategik udako txapelketa «oso ondo» joan dela zehaztu du: «Iazkoa baino hobeto joan dela uste dut, eta apurka-apurka gorantza goaz».
Kaltzada egoitzaren izenean Jose Mari Elordik eskerrak eman dizkie udalari, pilotariei eta bi enpresei, Gernika Jai Alai Professionali eta Jai Aliveri, halako bi «partidu eder» antolatzen laguntzeagatik. «Aurton Kaltzada egoitzaren 125. urteurrena betetzen da, eta jende askok egin du lan halako ekimenak aurrera eramateko». Azaldu duenez, urtero-urtero norbait omentzen dute, eta aurten Remenek zesta-punta munduan egindako lana goraipatzea erabaki zuten.
Sarrerak
Bihar gauean Jai Alai betetzea espero dute jaialdiaren antolatzaileek, eta Gernika-Lumoko zein inguruko herritarrei frontoira joateko gonbidapena luzatu diete.
Jaialdia ikusteko sarrerak 10 eurotan daude salgai Gernika-Lumoko Turismo Bulegoan, baina bazkide karneta dutenentzat doakoa da sarrera.