Bermeoko jaietako eraso sexistak salatzeko agerraldia egin dute
Txosnagunean gertatutako bi erasoren berri eman dute, «ukituak» izan direla aipatuta. Bi nesken eta euren lagunen jarrera txalotu dute, «agertutako autodefentsa jokaeragatik»Sareginek Bermeoko emakume feministen sareak Andra Mari eta Santa Eufemia ...
Txosnagunean gertatutako bi erasoren berri eman dute, «ukituak» izan direla aipatuta. Bi nesken eta euren lagunen jarrera txalotu dute, «agertutako autodefentsa jokaeragatik»
Sareginek Bermeoko emakume feministen sareak Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako eraso sexistak salatzeko agerraldia egin zuen atzo goizean. Agerraldian herriko beste elkarte eta kolektibo batzuetako ordezkariek ere parte hartu zuten; Erroxape, Askapena edota Txosna Batzordeak, esaterako.Txosnagunean gertatu diren bi erasoren berri eman zuten, «ukituak» izan direla aipatuta. Eraso horiek salatzeaz gain, bi neskei babesa agertu diete: «Ez daude bakarrik, eta jende asko gara eraso bakar bat ere ez onartzeko prest gaudenak».
Era berean, erasoak jasan dituzten nesken eta euren lagun taldeen jarrera txalotu gura izan zuten, «autodefentsa jokaera oso argia eduki dutelako. Ez zuten erasoa onartu, eta erasotzailea jaigunetik kanporatzeko jokaera eduki zuten». Gero eta «kontzientzia handiagoa» dagoela uste dute Sareginek; «emakumeok gero eta estrategia gehiago dauzkagu mota horretako egoerei aurre egiteko».
Herrian, hala ere, mota ezberdineko beste hainbat eraso egon direla badakitela azaldu dute, eta horiek guztiak salatzeko agerraldia izan zen atzo goizekoa. «Beharrezkoa ikusten dugu eraso horiek gertatu direla esatea. Inondik inora ez ditugu onartuko ez mota honetako erasoak, ez eta beste eraso guztiak ere», esan zuten Sareginek.
Eraso guztiek balio bera
Gogorarazi dutenez, oraindik jai egun asko daude aurretik, eta, diotenez, ez dituzte baloratuko eraso handiak edo txikiak izan diren, eurentzako eraso guztiek balio bera daukatelako. Hala ere, mota horretako eraso gehiagorik ez egotea espero dute.
Eraso sexisten aurrean «tolerantzia zero» izango dela esan zuten: «Ez irainik, ez ukiturik, ez behartzerik… ez dugu onartuko eraso bakar bat ere, larregi da».
Txosna Batzordeko ordezkariek, beste alde batetik, txosnagunean eraso sexistei aurre egiteko barne protokolo bat daukatela gogorarazi gura izan dute. «Erasotuta sentitzen bazarete edo zuen alboan erasoren bat ikusten baduzue, eraso txikia izan arren, Txosna Batzordekoengana hurbildu, protokolo bat daukagulako eta ardura bat ere badaukagulako. Babestuta sentituko zarete. Denon artean jaiak herrirako jaiak izatea lortu behar dugu; txosna bete andramari, txosna bete errespetu ere bada».