Sekula ez ahazteko
36ko gerran udal kudeaketan aritzeagatik errepresioa jasan zuten herrikideak omendu dituzte markina-xemeindarrek. Udaletxeko sarreran jarri duten eskulturak oroituko ditu betirako.Urteetako isiltasunaren ondoren, 1936ko gerra garaian udal kudeaketan ja...
36ko gerran udal kudeaketan aritzeagatik errepresioa jasan zuten herrikideak omendu dituzte markina-xemeindarrek. Udaletxeko sarreran jarri duten eskulturak oroituko ditu betirako.
Urteetako isiltasunaren ondoren, 1936ko gerra garaian udal kudeaketan jardun zuten herritarrek egindako lanaren eta frankismoaren biktima gisa pairatu zuten sufrimenduaren memoria bizirik egongo da Markina-Xemeingo udaletxeko sarreran. Jose Pablo Arriaga herriko artistak egindako artelanak gogora ekarriko ditu, egunez egun, urteetan gordetako sufrimendua eta gertakariak.Joan den zapatuan aurkeztu zuten artelana, Markina-Xemeingo Udalak Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteagaz eta hainbat herritarrek osatutako lan taldeagaz antolatutako omenaldi ekitaldian.
Une hunkigarriez betetako ekitaldi beroa izan zen zapatukoa. Kontzekupea eta inguruko kaleak herritarrez bete ziren, 36ko gerra garai haietan Markinan eta Xemeinen herriaren ardura eta herria kudeatzeko konpromisoa hartu zuten herritarrak gogoratu, egin zuten lana aitortu eta haien senideei babesa emateko.
Heriotzera bideratu zituzten zazpi herritar izan ziren bereziki frankismoaren ondorio latzenak pairatu zituztenak: Joan Loiola Eizagirre, Ambrosio Mallukiza Aldaolea, Hilario Aretxabaleta Arriola, Benito Muñoz Azpeitia, Benito Aginaga Ugalde, Ignazio Ugarteburu Anitua eta Anjel Aretxabaleta Aizpuru. Horien senideentzat izan zen ekitaldiko leku nagusia.
Gutxienekoa
Iñigo Ibarra aktore eta zuzendariak eta Nerea Ibarzabal bertsolariak aurkeztu zuten ekitaldia. 36ko gerra garaiko gertakariak kontatu eta olerkiak eta bertsoak ere tartekatu zituzten. Joseba Sarrionaindiaren eta Fadwa Tuqan palestinar poetaren olerkiak irakurri zituen Ibarrak, eta hiru bertso kantatu zituen Ibarzabalek. Bertsolariaren malkoek garbi adierazi zuten Kontzekupean bildutakoen sentipena. Emozioz betetako bertsoekin «eskertzea, kontatzea eta oroitzea» dela esan zuen Ibarzabalek «herriak egin leiken gitxienekoa». Eta txalo zaparradagaz erantzun zioten herritarrek, bihotza kuzkurtuta.
Zerutxu dantza taldearen, Pablo Fernandez Arrieta eta Ianire Krutxaga musikarien eta Xemein Abesbatza eta Emeki koralaren dantza eta emanaldiek osatu zuten omenaldia, eta Juanjo Txurruka alkateak eta Ainara Gandiaga zinegotziak Markina-Xemeingo Udalak bertan goizean aho batez onartutako adierazpen instituzionala irakurri zuten.
Kontzekupeko atala amaituta, txistulari eta dantzarien laguntzagaz kalejiran joan ziren omenduen senideak udaletxeraino, eta Jose Pablo Arriaga eskultoreak ekitaldirako propio egindako artelana ezagutzera eman zuen: Izar ak. Han bertan, euren senideen oroigarri izango den artelanaren ondoan utzi zituzten senideek ekitaldian jasotako krabelin gorriak.
«80 urte hauetan ahaztuta egon direnak atera ditugu kanpora. Sasoia izan da guzti horien historiak jakiteko, ulertzeko eta gure oroimenean lekua emateko, aurrerantzean, sekula gehiago, horrelakorik ez dadin gertatu», azpimarratu zuen duela 80 urte (1937ko irailaren 9an) fusilatu zuten Joan Loiolaren emaztegai zenaren ilobak.
Bestalde, zapatuko omenaldian txalo zaparradarik hartu ezbazuten ere, Ahaztuen Oroimena elkartearen lan ezkutua aipatu eta nabarmendu nahi izan dute Benito Aginagaren bilobek. Egiten ari diren lana eskertu dute.
Frankisten errepresioa eta 36ko gerran Markinan eta Xemeinen gertatu ziren beste asko biltzen dituen idazkia ere banatu zuten ekitaldiaren antolatzaileek. Idazkiaren helburua herri bietan gerrak eragindako samina erakutsi, gerra garaiko markinarren eta xemeindarren sufrimenduaren mapa irudikatu eta memoria gordetzea dela azaldu dute.