250 bat lagunek izena eman dute Ispasterko VI. Mendi Martxan
Ispasterko Udalak antolatuta, domekan [irailak 17] mendi ibilaldiak, BTT martxa eta mendi lasterketa egingo dituzte, eta proba bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago izena eman ahalko da. Hala, egunean bertan izena ematen duten gazte eta helduek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta 14 urtera artekoek, ostera, 10 euro.
Mendi martxa luzean parte hartzen dutenak 08:30ean irtengo dira herriko plazatik, eta ordu bete beranduago (09:30) abiatuko dira BTT probako txirrindulariak.
Korrikalarientzat 10:00etan ipini dute irteera-ordua. Ibilbide laburreko partaideak, berriz, 10:30etan aterako dira.
Mendi bizikleta martxa 28 kilometrokoa da, eta lasterketako eta ibilaldiko parte hartzaileek 23 kilometroko ibilbidea egingo dute. Bestalde, mendi martxa laburra 10 kilometrokoa da.
Ibilbidean zehar hornidura guneak egongo dira. Hain zuzen, martxa laburreko partaideentzat bi anoa postu jarriko dituzte, eta beste hiru probetakoentzat lau hornidura gune egongo dira.
Zozketak. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurrez izena ematen dutenek bakarrik jasoko dute kamiseta, eta egunean bertan izena ematen dutenek, ostera, opari bana jasoko dute. Bestalde, parte hartzaile guztien artean opari hauek zozketatuko dituzte: pultsometro bat Otoio Kirolak-en eskutik, fisioterapia saio bat Maite Fisioterapian, bi pertsonentzako bazkaria Areitz-Bi jatetxean eta bi pertsonentzako bazkaria Herriko Tabernan.