Mutrikuko Galbaixo eguna, bustita baina jai giro ederrean
[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Goizeko gainontzeko orduak musikarentzat eta kirolarentzat izan dira. Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarra eta Imanol Illarramendi Kortaberri aritu dira harriak jasotzen, eta herriko mutilak, Mugertza anaiak, aizkora erakustaldian. Bien bitartean, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariek girotu zuten Galbaixo.[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Baina mutrikuar oro itxaroten ari zen hitzordua 14:45 inguruan iritsi da, goitibeherekin. Orduan bota dute hasierako txapligua, eta handik hiruzpalau minutura heldu da lehen goitibehera Goiko Plazara, txalo artean. Azken egunotan prestaketa lanak egin eta gero, asko izan dira Galbaixoko errepideko bihurguneez gozatzeko aukera aprobetxatu dutenak. Euria zela eta estalki edo aterkiekin jaitsi denik ere egon da. Asko izan dira aldarrikapenekin jaitsi diren herritarrak; Kataluniarekiko elkartasuna adierazi dute gehienek. Biribilgunera iristean arazoak izan dituzten pare bat kuadrila ere egon dira. Azken goitibehera, urtero legez, Potronor izan da.[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Herrian oso sustraitua dagoen eta jende asko itxaroten egoten den beste hitzordua 18:00etan hasi da: sokamuturra. Hemen ere, goizeko zaparradek eta 16:00ak aldean botatako euriak behegaina bustita utzi duela eta, hainbat eroriko ikusi dira. Gainera, zezen bat Kardala tabernara ere sartu eta hainbat lagun zauritu ditu [BIDEOA IKUSI]



























































































































































































































































































































































