Hobekuntza nabarmenekin dator Lea-Artibai Amankomunazgoaren aurrekontua. Horrela iragarri du Rakel Elu Amankomunazgoko presidenteak. Izan ere, hondakin organikoen bilketa gauzatu eta gizarte zerbitzuetan hobekuntzak egingo dituzte urtea amaitu orduko.
Martitzeneko [irailak 12] Ogasun Batzordean aurkeztu zuen Lea-Artibai Amankomunazgoak aurtengo aurrekontu proposamena. Aurrekontuak onartzea
lan neketsua izan dela aitortu du Eluk, egin nahi dituzten hobekuntzek behar handia eragin eta prozesuan oztoporen bat edo beste ere izan dituztelako. «Baina espero dugu hemendik laster batera onarpen hori egotea, eta datorren urteari begira bidea samurragoa izatea, gure eskualdeko biztanleek behar dituzten kalitatezko zerbitzuei dagokienez oinarri sendoak finkatzen ari gara eta».
Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoaren presidentea, Amankomunazgoaren aurreko edukiontzien ondoan.
Lehenengoak. Lea-Artibai eskualdea izango da animalia jatorriko organikoa bilduko duen Bizkaiko lehen eskualdea. Orain arte, Bizkaian organiko begetala bildu izan da bakarrik, eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz hainbat bilera egin ostean, hondakin organikoen bilketa osoa egin ahal izatea lortu dutela azpimarratu du Amankomunazgoko presidenteak.
Bilketa sistema berriaz arduratzeko Amankomunazgoak zortzi urterako lehiaketa bat (10 urtera arte luzagarria) jarri zuen martxan abuztuaren 1ean. Lehiaketa horretan esleipenduna
FCC enpresa izan da. Ondorioz, aurrerantzean bera izango da Lea-Artibai eskualdeko hondakinen bilketaz arduratuko dena.
«Hezitzaileek familia guztiei kit bana banatuko diete. Bertan egongo dira hondakin organikoak jasotzeko kubo marroia, poltsa konpostagarriak eta edukiontzi marroia ireki ahal izateko txipa izango duen txartela»
Kamioi guztiak berriak izango dira, bai eta papera/kartoia, errefusa eta organikoa biltzeko edukiontziak ere. Berrikuntza hori eskualdeko herri guztietan ezarriko da, salbuespen bategaz: Ispasterren organikoaren edukiontzirik ez da egongo. Han, hondakin mota horren bilketa orain arteko moduan egiten jarraituko dute, autokonpostaren bidez.
Rakel Elu Bengoetxea Lea-Artibai Amankomunazgoko presidentea, Markina-Xemeingo Patrokua Jauregian daukan bulegoan.
Etxerik etxe. Ezarpena ondo egiteko komunikazioa ere garrantzitsua dela azaldu du Eluk. Hori dela eta, hondakin bilketa sistema berriaz herritar guztiak egoki informatzeko eta hondakinak egoki sailkatzeko zenbait hezitzaile eskualdeko herri guztietan etxerik etxe ibiliko dira azaroan eta abenduan. «Hezitzaileek familia guztiei kit bana banatuko diete. Bertan egongo dira hondakin organikoak jasotzeko ontzi marroia, poltsa konpostagarriak eta edukiontzi marroia ireki ahal izateko txipa izango duen txartela». Eta Amankomunazgoaren lehendakariak azaldu duenez, agortu ahala Amankomunazgoak poltsa konpostagarri berriak banatuko ditu doan.
“Hilabete biren barruan, herri guztietan egongo da ezarrita sistema berria; eta urte amaieran edo berriaren hasieran, normaltasunez egongo da martxan”
Ezarpena egiten joateko
hiru gune banatu dituzte: Markina-Xemein, Etxebarria eta Ziortza-Bolibar; Ondarroa eta Berriatua; eta Lekeitio. Gunez gune azalpenak eman eta edukiontziak jartzen joango dira herritarrak sistema berriagaz martxan hasteko. «Hilabete biren barruan, herri guztietan egongo da ezarrita sistema berria; eta urte amaieran edo berriaren hasieran, normaltasunez egongo da martxan».
Horrek guztiak sistema garestitu duela azaldu du Eluk, erosketak barne daudelako. Hala ere, zenbat eta hobeto egin, sistemak berak gastuak murriztuko dituela aurreikusten du. Bestalde, tasak udalen eskumena izan arren, Rakel Eluk dio ez duela aurten tasak igoko diren berririk.
Gizarte zerbitzua sendotzen. Egungo legedira egokitu eta gizarte zerbitzuak indartzeko helburuagaz Amankomunazgoak gizarte langile berri baten kontratazioa onartu zuen. Ondorioz, aurten, enplegu publikoko eskaintza hori martxan jarri dute eta prozesua amaitzekotan da. Hala, Amankomunazgoak
pertsona bat hartuko du lanaldi osoz eta kontratu mugagabeagaz. Baliabide berri horregaz laguntza teknikoa eskaini nahi diete eskualdeko hiru oinarrizko gizarte zerbitzuei.
Horrez gain, Lea-Artibaiko Amankomunazgoak arreta psikologikoko zereginetarako kontratatua zeukan psikologoaren lanaldia ere luzatu du, eta %25ekoa bilakatu. 2016an hilebetean 16 ordukoa zen, eta 2017an,
36 ordukoa.