Amuge 2003an sortu zen emakume ijito feministen elkartea da, eta Claveria hango kidea da. Uxu Ondarroako emakumeen taldeak antolatuta,
eguaztenean [irailak 20] hitzaldia eskainiko du Etxelilan, 18:30ean.
Zergatik eta zelan sortu zen Amuge elkartea?
Iniciativa Gitana elkarteko langileen eskutik sortu zen Amuge. Iniciativa Gitanan lan egiten genuenok uste genuen emakume ijitoekin lanketa berezi bat egin behar zela, eta horregatik sortu zen Amuge 2003an. Emakume ijito bezala, gure ezaugarriak eta beharrak kontuan edukita aurrera begira lan egingo zuen elkarte baten premia ikusten genuen. Euskal Herrian sortu zen emakume ijitoen lehenengo elkartea izan zen Amuge.
Emakume ijitoak komunitatea aldatzeko motorra zaretela diozue. Zergatik?
Ijitoen komunitatean rolak oso ondo markatuta daude. Emakume ijitoei dagokienez, ezaugarrietako bat da umeak heztea; emakume ijitoak gara belaunaldi berriei balioak transmititzen dizkiegunak. Berdintasunean oinarritutako pentsamoldea badaukazu, hori da umeei ere erakutsiko diezuna. Emakume ijitoak gara komunitatean aldaketa hori eragin ahal dugunak.

Tamara Claveria Jimenez, Amuge elkarteko kidea. Argazkia: Ecuador Etxea
Zuen komunitatean betetzen duzuen funtzioak berak aldaketarako ezinbesteko protagonista bihurtzen zaituzte.
Hori da. Belaunaldi berriei guk transmititzen dizkiegu balioak. Eta guk berdintasunean sinistu eta horren alde egiten badugu, belaunaldi berriei ere hori erakutsiko diegu. Hor aldaketa emango da.
Emakumeek orokorrean dituzten zailtasunez gain, ze beste zailtasun dauzka emakume ijitoak?
Emakume ijitoak hiru arrazoirengatik baztertzen gaituzte: emakume izateagatik, ijito izateagatik eta herrialde txiroen besteko analfabeto maila edukitzeagatik. Gainera, azken horregaz lotuta, formaziorik ez badaukazu ez daukazu lan merkaturako sarbiderik. Horiek dira gure oztopo nagusiak.
Eta horiei aurre egiteko erronkak zeintzuk dira?
Emakume ijito gazteen hezkuntza hobetuz, horiek lan merkatuan kokatzea da gure erronka nagusiena. Bide horretatik, eremu publikoan gure presentzia bermatu nahi dugu. Izan ere, oraindik hori ez dugu lortu. Horrez gain, botere karguetan ereĀ emakume ijitoak egotea nahi dugu; erabaki ahalmena duten postuetan ere gure presentzia bermatu nahi dugu. Etxebizitzetarako sarbidea ere hobetu nahi dugu. Azken finean, oso zaila egiten zaigu etxebizitza bat alokatzea. Indarkeria matxista ezabatzea ere beste erronka bat da. Horretan, baina, oraindik gure helburutik oso urrun gaude, gizarte osoa bezala. Gure komunitateko LGTBI kolektiboa ikustaraztea ere beste erronketatako bat da. Azken baten, gure aldarrikapenak espazio publikoan kokatu nahi ditugu.
Zuen aldarrikapenak jendarte osoaren aldarrikapenak ere izatea eskatzen duzue?
Bai. Guk pairatzen duguna ez da bakarrik ijitoak garelako, baizik eta emakumeak ere bagarelako. Horrenbestez, gure borroka emakume guztien borroka da.
Elkartea sortu zenuenetik, lorpenak ere edukiko zenituzten, ezta?
Nire bizipenetan oinarrituta, garrantzitsuena da emakume ijitoak ahalduntzen joan garen heinean elkartea ere hazten joan dela. Formakuntzan eta berdintasunerantz aurrerapausoak eman ahala, elkartea ere behar berrietara egokitzen joan da. Hala, gaur egun milaka proiektu ditugu. Hau da, gu aldatzen joan ahala gure helburuak ere aldatzen joan dira. Formakuntza da gakoa. Zenbat eta formakuntza hobea eduki, orduan eta tresna gehiago dituzu. Lorpen pertsonalei dagokienez, niretzako lorpen bat da nire lobak Batxillergoan egotea. Baita ere, auzoan eskola utzi zuten gizon eta emakumeetako batzuk urteetara lehen mailako ikasketa titulua atera dutela jakitea. Lorpen eta arrakasta asko eduki ditugu, eta edukiko ditugu. Ni oso pozik nago.