Lau egunetan, 48. Zaldi Proba Txapelketa jokatu dute Nabarnizen. Barikuan, zapatuan, domekan eta astelehenean lehiatu dira, hain zuzen, Euskal Herri osotik etorritako zaldiak. Eta beste behin, Aulestiko Koba irabazlearen mantagaz eta txapelagaz joan da etxera, 71 untza eta 3,24 metroko marka eginda. Kinttopeko zaldien artean, aldiz, Maumeko Baraiazarrak lortu du garaipena, 60 untzagaz.
Sari nagusietan, Aulestiko Juan Uriartek eskuratu du bigarren saria, eta Gamizko Construcciones Torrontegik hirugarrena. 60 untza eta 2,15 metroko marka egitea lortu zuen Uriarteren zaldiak, eta 60 untza, aldiz, Torrontegirenak.
Aulestiko Koba irabazlearen mantagaz eta txapelagaz joan zen etxera, 71 untza eta 3,24 metroko marka eginda. Argazkia: Iluntzar Jai Batzordea
Guztira, hamalau zaldik lehiatu zuten txapelketa, baina Kortezubiko Eurtenetxeren proba ez zuen ontzat eman epaileak domekan.
Iluntzar Jai Batzordeak azaldu duenez, jente dezente bildu da Nabarnizko probalekuan txapelketagaz gozatzeko: «Domekan bildu zen jende gehien, eta astelehenean ere jende ugari izan zen; zapatuan izan zen jende gutxien, baina, orokorrean, probalekua nahikoa bete da txapelketaren lau egunetan».
Sari nagusiak
- Koba (Aulesti). 71 untza eta 3,24 metro.
- Juan Uriarte (Aulesti).60 untza eta 2,15 metro.
- Construcciones Torrontegi (Gamiz). 60 untza.
- Totxi (Laukiz). 52 untza.
- Goitia (Berango).49 untza.
- Erauzkin (Mañu).47 untza, 3/4 eta 4,43 metro.
Kinttopekoak
- Baraiazarra (Maume).60 untza.
- Adorrixa anaiak (Etxebarria). 57 untza eta 3/4.
- Jatetxe Nabarniz. 54 untza.
- Txibiller (Azkoitia).52 untza eta 2,04 metro.
- Aitor Alzaa (Aulesti).43 untza, 1/4 eta 1,44 metro.
- Janire Alegria (Bermeo).30 untza eta 3,84 metro.
- Talaia Jatetxea (Zumaia).27 untza eta 5,16 metro.