Zapatuan 10:00etan hasi eta
14:30ak aldera arte jarriko dituzte salgai baserritarren zein artisauen produktuak.
Ispasterko Udalak nekazal azoka antolatzeko Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Alkartearen laguntza dauka, eta zehaztu dutenez, ekoizleen artean gehienak eskualdekoak izango dira: “Nagusiki
Lea-Artibai eskualdeko nekazaritza-elikagaien produktuak izango dira salgai”.
Besteak beste baserriko ogia eta idiazabal gazta erosteko aukera egongo da.
Hain zuzen, hamalau bat erakusmahaietan
askotariko produktuak egongo dira. Besteren artean, ortuariak, baserriko ogia eta gozoak, sagar zukua, sagardoa, barazki kontserbak, mermeladak, txakolina, ezti ekologikoa, gilden kontserbak, ahatekiak, idiazabal gazta eta paketetxoetan bildutako baserriko okela eskuratzeko aukera izango dute azokara hurreratzen direnek.
Era berean, bitxiak eta arropak egiten dituzten pare bat
artisau ere egongo dira, eta Lekeitioko eskola publikoaren
merchandising-a ere jarriko dute.
Aurten ere artisauak egongo dira.
Gainera, hirugarren urtez jarraian abereak ere egongo dira azokan. Hala,
herriko eta inguruko abeltzainek erakusgai jarriko dituzte behiak, idiak, poniak, hegaztiak, ahuntzak, zaldiak eta euskal artzain txakurrak.
Bestalde, ohitura legez
parrilan erretako okela dastatzeko aukera eskainiko dute. Azokako bisitariek euro baten truke okela pintxoak jan ahalko dituzte, 12:00etatik 15:00etara. Horregaz batera, txakolina eta sagardoa ere egongo dira.
Ispastertarrek zein inguruko herritarrek azoka eguna “giro apartaz gozatzea” espero dute antolatzaileek, eta azokara hurbiltzeko gonbitea luzatu dute.