Mongolian ekintza solidarioa gauzatu eta Mongolia Bike Challenge proba egin ostean, bete-bete eginda itzuli dira Helmugak EuSport proiektuko Ander Txakartegi, Koikili Lertxundi eta Beñat Ormaetxea.
Zelan joan da udako abentura? Dena espero modura atera da?
Abuztuaren 8an 13:00ak aldera atera ginen hemendik. Istanbulera joan ginen lehendabizi. Hurrengo egunean hegazkina hartu eta Ulan Batorrera abiatu ginen. Han La Otra Mirada laguntza elkarteko kide bat eta beste mongoliar bat zeuden gure zain, iaz Oñatitik eramandako Osakidetzako anbulantziagaz.
Hara, Euskal Herrian bezala sentituko zineten.
25 egun behar izan zituzten anbulantzia bertara eramateko. Bada, anbulantzia hartan hotelera eraman gintuzten, han gure gauza guztiak uzteko. 33 orduko bidaia egin eta gero, neke-neke eginda geunden. Baina erabaki genuen egunean bertan ekintza solidarioa gauzatzea, eta horrela, La Otra Mirada elkarteak aniztasun fisiko, psikiko edota sentsoriala dutenentzako Nalaikh herrian daukan eskolara joan ginen.
Eskola horri egin diozue ekarpen ekonomikoa, ezta?
Horrela da. Guk Euskal Herrian batutako diru guztia, 3.000 euro baino gehiago, eskola horretan hobekuntzak egiteko eman diogu La Otra Mirada laguntza elkarteari.
Zer aurkitu zenuten han?
Sekulako harrera egin ziguten. Umeak gurenaga etorri, ongietorria emateko oparia eman… Harrera beroa egin ziguten, eta gu apurtu egin ginen. Egoera gogorra zen, baina oso hunkigarria izan zen dena; guri barrua ikutu zigun. Eskola guztia goitik behera erakutsi ziguten.
Batzuetan harritu egiten gaitu gutxien daukatenen jarrera eskuzabalak…
Zeukaten dena emateko borondatea erakutsi ziguten, eta oso hunkituta geratu ginen. Oso-oso gustura sentitu ginen han, ez genuen joateko tarterik aurkitzen. Konturatu ginen eskola hartan oraindik ere lan handia dagoela egiteko. Gehiago laguntzeko beharra sentitu genuen, eta burua martxan hasi zitzaigun. Pentsatu genuen, oraingo honetan egin modura, beste lasterketa batzuk egiten ditugunean lortzen dugun dirua eurei bideratu ahal diegula.
Egindakoagaz gustura geratu zineten?
Bai, erabat. Oso polita izan zen, eta eurak esker oneko agertu ziren. Morala igota itzuli ginen hotelera. Nekatuta bageunden ere, bete-bete eginda atera ginen eskola hartatik.
Hori eginda, proba fisikoaren txanda ailegatu zen, ezta?
Bai. Beno, Mongolia Bike Challenge hasi aurretik atseden hartzeko bi egun eduki genituen. Azken finean, bidaia luzea egin eta gero, oraindik
jet lag-a geneukan. Baina ez ginen oso abilak izan. Bi egun horietan goizaldeko ordu txikietan joaten ginen lotara, eta berandu esnatzen ginen. Bada, probako lehenengo eguna ailegatu zenean, oraindik lotarako ordutegia egokitu barik geneukan. Nik neuk lehenengo etapa bi ordu lo eginda egin nuen.
Ormaetxea, Txakartegi eta Lertxundi, Mongolia Bike Challenge probaren bigarren etapa amaitu eta gero. Argazkia: Helmugak.
Erraz egin zenuen, beraz?
Beno, ez zen hain zaila izan. Hasieran irteera neutralizatua egin genuen Ulan Bator herritik atera arte. Kanpoan geundela, irteera eman ziguten.
Zenbat parte hartzaile zineten guztira?
108. Zenbaki budu bat da (han budismoa dago).
Kasualitatea edo horrela erabakita zeukaten?
Ez, ez. Ez zen kasualitatea. Antolatzaileek erabaki zuten gehienez ere horretxenbeste lagunek parte hartu ahalko zutela.
Nongo parte hartzaileak zeuden?
Titan Desertagaz alderatuta, hemen parte hartzaile gutxiago geunden, eta taldea kontrolatuago zegoen. Baina parte hartzaileen jatorria askotarikoa zen. Japoniarrak, estatubatuarrak, Zeelanda Berrikoak… Barietate asko zegoen.
Helmugak proiektuko kideak, ekarpen solidarioa gauzatu duten eskolako kideekin. Argazkia: Helmugak.
Ze martxa eraman zenuten lehen etapa horretan?
Bide osoan nahikoa lasai joan ginen. Baina azken 30 kilometroetan taldeka emaitza ona lortu ahal genuela pentsatuta, pixka bat egurra ematen hasi ginen. Ni 30. sartu nintzen, eta Koikili eta Ormaetxea jarraian sartu ziren.
Eta zerbait lortu zenuten?
Ez. Gu talde bat bezala joan ginen, baina konturatu ginen parte hartzaile batzuek aireportuan edo proban bertan osatu zutela taldea. Eta ez zegoen haien aurka egiterik. Hori tristea izan zen.
Lehiakortasun handia zegoen?
Ez pentsatu. Batzuk bazeuden oso lehiakorrak zirenak, baina orokorrean, nahikoa giro ona zegoen.
Bigarren etapa zelan?
Hori ia beste kontu bat izan zen. Egunik beroena izan zen, eta gogorra izan zen. Erorialdia ere eduki nuen, eta erritmoa jaitsi nuen. Azkenean hirurok batera iritsi ginen helmugara. Hirugarren etapan ere batera joan ginen.
Zelako paisaiak bilatu dituzue?
Argitasunak harritu gaitu. Eguneko argitasuna oso-oso argia da. Paisaia aldetik, ostera, mendiak Errioxakoak bezalakoak ziren, tontor leunekoak, baina berdeak. Zeru urdina eta zelai berde-berdeak eta aurkitu genituen. Kontrastea handia zen. Egun horretan kanpamendu aleman batean lo egin genuen, behegainean.
Etapa hori izan zen hurrengo eguneko materiala bizikleta gainean eraman behar izan zenutena?
Ez. Azkenean ez genuen guk eraman behar izan. Eurek hartu zizkiguten gauzak, eta zuzenean kanpamenduan utzi zituzten. Eta hori nire beldurretako bat zen.
Askoz hobeto.
Bai, bai. Pisu handia kendu genuen. Dena dela, kanpamenduan lo egin eta gero, laugarren etapan sekulako euri zaparrada egin zigun. Minutu gutxitan busti-busti eginda geratu ginen. Etaparik luzeena izan zen. Bosgarren etapa aintzinako tribu baten kanpamenduan amaitu zen. Ikusgarria zen kanpamendu hura. Azken egunean erlojupeko proba egin genuen, eta kanpamendu horretan hasi eta amaitu zen. 26 kilometro izan ziren. Polita izan zen.
Etapa guztietatik zein izan zen gaitzena?
Bigarrena, dudarik gabe. Desnibela handia zen, eta gogorra egin zitzaigun. Hori pasatu genuenean, lasaitu egin ginen.
Orokorrean, hortaz, ondo joan da guztia?
Bai. Proba bera gogorra da, baina tenperatura aldetik gu ohituta gauden nahikoa antzerakoa denez, ez da hain gogorra egiten. Ez dago ez hotz izugarririk ezta bero handiegirik. Nekatu egiten zara, baina gorputza bere onera etortzen da.
Dena ondo joan da. Proba egin duzue. Hirurok ondo ailegatu zarete, eta ez da zauri larririk gertatu. Pozik egoteko moduan zaudete.
Bai, bai. Titan Deserten txarto pasa eta gero, oraingo honetan kontu handiz ibili naiz. Ez gaixotzea nire lehentasunetako bat zen.
Antolakuntzagaz pozik geratu zarete?
Bai. Dena familiartekoa eta xumea izan da, eta oso gustura sentitu gara. Niri gustatu zait.
Mongoliakoa egin eta gero, orain zer?
Ba Gabonetan Titan Tropic egin behar genuen Cuban, baina bertan behera geratu da. Beraz, gorabeherarik ezean, hurrengo hitzordua datorren urteko udan Kanadako Canada BC Bike Race proba egitea da.