Artibai Futbol Taldea, jokoari ekiteko prest

2017-2018 denboraldian Artibai Futbol taldea osatuko duten jokalari, entrenatzile eta arduradunak. Argazkia: Artibai FT/ Ilunefoto
Bittor Lekunberrik izango du Lurraldeko Lehen Mailan jokatuko duten nagusien taldearen ardura.Gazte mailako taldea osatzen duten 23 futbolariak, berriz, Ritxi Escobarren gidaritzapean ibiliko dira aurten ere. Oraingoan, baina, Ruben Borges izango du laguntzaile Escobarrek, gazteak Lehenengo Mailan gustura aritzeko. Kadeteak bezala, nagusiek igoera ospatu zuten joan den denboraldian, eta, beraz, Lurraldeko Lehenengo Mailan jokatuko du Artibai Futbol Taldeak berriz ere. 20 lagunez osatutako taldea maila berrian gidatzeko ardura Bittor Lekunberrik izango du, eta bere laguntzailea Mikel Lekunberri izango da. Taldea berotzen hasita dago. Joan den zapatuan Cantera Deportivak antolatzen duen Superkopa txapelketan parte hartu zuen, aurreko denboraldian Ohorezko mailan eta Lurraldeko lehen, eta hirugarren mailetako txapeldunekin batera, eta klubaren aurkezpen egunean bertan ere, lagunartekoa jokatu zuten Zalduaren kontra, 2 eta 1 irabaziz. Aste honetan, berriz, lagunartekoa jokatu dute Lekeitioko taldearen kontra. Asteburu honetan hasiko da, baina, Lurraldeko Lehen Mailako baloia zelaietan biraka. Kanpoan hasiko dira jokoan sartzen Artibaikoak, gainera. Zapatuan [irailak 23] izango dute lehen hitzordua Basconia B taldeagaz, 18:00etan, Basauriko Soloarte zelaian.
Maria Mercedes Gallastegi eta Salva Cabanillas batuko dira zuzendaritza taldera.Bi kide berri. Zuzendaritza batzordea orokorrean mantendu egingo da. Hala ere, aldaketa batzuk egongo direla azaldu dute. Zuzendari batzordea Jose Ansolak, Niko Unanuek, Jon Koldo Gandariasek, Ane Mendizabalek, Jose Luis Mendikutek, Juan Luis Mandiolak, Adan Onaindiak eta Maria Jesus Salaberriak osatuko dute. Kide berriei dagokienez, Maria Mercedes Gallastegi eta Salva Cabanillas batuko dira zuzendaritza taldera. Ordea, Josu Aldazabalek, Luis Ibarluzeak eta IƱaki Ibarluzeak ez dute jarraituko. Oporren ostean, Barroetan futbola ikusteko gogoagaz daudenek badaukate denboraldi-aurreko hitzordu bat bertan. Artibaiko gazteak partidua jokatuko dute domekan [irailak 24], 16:00etatik aurrera. Durangoko Ezkurdi taldearen kontra izango dute lagunartekoa. Kadeteak, bestalde, Ondarroara joango dira. Aurrera taldeagaz lagunartekoa jokatuko dute zapatuan [irailak 23], 11:00etan, Zaldupe zelaian.