Asteburu honetan hasi dituzte euren txapelketak Lea-Artibaiko nagusien futbol taldeek eta Mutrikuko neska seniorren futbol taldeak, eta lehen jardunaldi hau ez da bat ere oparoa izan.
Lekeitio Futbol Taldeko nagusiak izan dira bakarrik garaipena lortu dutenak. 4 eta 1 irabazi zioten Dinamo San Juan taldeari Larrotegi futbol zelaian. Mikel Badiola ondarrutarrak entrenatutako mutilek lehen jardunalditik erakutsi dute iaz maila galdu ondoren aurten Lehentasun Mailako goiko postuetan ibiltzeko hautagaiak izango direla.
Endika Iza eta Eneko Mendieta izan ziren goleatzaileak, bakoitzak bi baloi sareratuta.
Lekeitio FT-k domekan zelairatutako hamaikakoa. Argazkia: Leartigol
Gainontzeko taldeek ez zuten garaipenik lortu. Ohorezko Mailan,
Aurrera Kirol Elkarteak 3-0 galdu zuen Zallaren aurka Landaberri futbol zelaian. Biek iaz galdu zuten maila, eta talde indartsu biren arteko neurketa espero zen, baina enkarterriko taldeak hobeto jokatuta lortu zituen hiru puntuak. Erregionalen Lehen Mailan berriz, ez
Artibai Futbol Taldeak ezta
Berriatuko Futbol Taldeak ere ezin izan zuten punturik urratu. Bittor Lekunberrik zuzendutako taldea iaz berreskuratutako mailara itzuli zen zapatuan, baina ezin izan zuten mendean hartu C.D. Basconia ‘B’ taldea Basauriko Soloarte futbol zelaian. Etxekoak aurreratu ziren markagailuan, eta Aitor de Paz eta Eñaut Gorosabelen golei esker markagailuan hurbiltzea lortu bazuten ere, berdinketaren golaren bila ari zirela kontraerasoan sartu zuten laugarren gola basauritarrek. Berriatukok ere ez zuen punturik lortu. Gernika Sportingek hiru puntuak eraman zituen Ibarratik. Aitor Serrano izan zen etxekoen golegilea. Egotzi egin zuen gero epaileak.
Mutriku Futbol Taldeari dagokionez berriz,
neska seniorrek ez zuten liga ondo hasi. 2-1 galdu zuten Azkoagainen Oñatiko Aloña Mendi taldearen aurka.
Mutilek berriz, hirugarren jardunaldia jokatu zuten zapatuan, eta 3-1 galdu zuten Tolosaren aurka Berazubin. Mikel Arrizabalaga izan zen mutrikuarren golegilea.