Ispasterko zaldi-mando proben sariketa lehiatu nahi dutenek asteon izena eman behar dute
Urriaren 12an, 13an eta 15ean jokatuko dute Ispasterko 32. Zaldi-mando proben sariketa, eta bertan parte hartzeko asmoa duten probalariek zapatu honetan (irailak 30) izena eman behar dute; 13:00etan ipini dute ordua udaletxean. Bertaratzerik ez dutenentzat hau da udalaren telefono zenbakia: 94-684 29 99.
Izena ematerakoan, zaldi-mandoen jabeek haien datuak emateagaz batera, abereen identifikazio zenbakia (mikrotxipa) eta esplotazio kodea aurkeztu beharko dituzte.
Probetan Ispasterko harria erabiliko dute, eta Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundearen ordezkariek kontrolatuko dituzte.
Abereen oinarrizko pisua 400 kilokoa izango da, eta saio bakoitza hasi baino ordubete lehenago pisatuko dituzte.
Sariak. Zaldi-mando proben sariketaren irabazleak 750 euro, manta eta txapela jasoko ditu; txapeldunordeak 650 euro eskuratuko ditu, eta hirugarrenak 575 euro. Zortzigarren sailkatura arteko sariak prestatu dituzte.
Era berean, Lea-Artibaiko lehenengo hirurentzat sari bereziak daude, baina jakitera eman dutenez, gutxienez eskualdeko hiru partaide egon beharko dira sariok banatzeko. Eskualdeko onenak 120 euro irabaziko ditu, bigarren sailkatuak 100 euro eta hirugarrenak 90 euro.