Arrakala Irratia (107.7 FM) da Lekeitioko irrati librea, baina duela denbora batetik ona ez da uhinik ateratzen bere estudiotik. Isiltasun horren aurrean,
Radixu Irratiak (105.5 FM) Arrakala “okupatzea” erabaki du, uhinak doinuz betez.
Radixuko kideen arabera, Arrakalari buruz zerbait erantzuteko gai zen lekeitiarren bat aurkitzen zuten bakoitzean “
geldik dago” izaten zen erantzuna ia beti.
Hori ikusita, Radixuko
Pedro Unanueren tropek Lekeition sartzea erabaki zuten, eta zapatuan [irailak 23] egin zuten euren agerpena Lekeition. Ondarrutar izateak eraginda alde batetik, “
inor mintzeko asmorik gabe, noski”, eta irrati libreei bizia emateagatik bestetik, Arrakala okupatu zuten. Horrez gain, Radixuko kartelak eta itsasgarriak ere ipini zituzten herri guztian, Radixu Irratia
Lekeitiora iritsi berri zela aditzera emateko.
Radixu irratikoak, zapatuan Lekeition. Argazkia: Radixu irratia
Arrakala irratian gaur egun ia ez dago mugimendurik. Arrazoi nagusietako bat eraikin publiko batean egotean bertako
ordutegira moldatu behar izatea da, eta kontuan hartuta irrati libreetan dihardutenek beste lan bat dutela ogibidetzat, zaila egiten zaie biak uztartzea.
Arrakalan sartzearen
helburua “Lekeition norbaiti barrua mugiarazi eta martxan hastea” dela esan dute ondarrutarrek, eta horren esperantzarekin burutu zuten ekintza Radixuko kideek.
Orain, hurbilago daude Lekeitio eta Ondarroa. Lekeitioko
107.7an eta Ondarroako
105.5ean Radixu Irratia entzuten da, egunean 24 orduz. Arrakala eurenganatu izana aldarrikatzeko, Lekeitioko irratiaren kontrol mahaian ohar bat laga zuten: “Ez ukitu. Radixu Irratiaren emisioa dago airean!”.