Zapatua izango da egun handia auzotarrentzat,
San Jeronimo eguna. Iaz, barikuz hasi ziren jaiak, baina aurten zapatuko lehenengo orduan lehertuko da festa Mijoa auzoan. Aurtengo egitarauan, azken orduko aldaketa bat egin dute antolatzaileek, eta
domeka goizeko meza bertan behera geratu da, eta bakarrik zapatu goizean egingo dute meza ermitan.
Urtero legez, Mutriku Sokatira Taldeko kideek ere euren hitzordua edukiko dute, Europako txapelketatik itzuli berri. Lehenengo,
trontza eta motozerrarekin enbor ebakitzen arituko dira, gero auzoko lehen
harri jasotze txapelketa egingo dute, eta goizari amaiera emateko
giza proba egingo dute, hiru lagun soka batetik tiraka jarrita.
Arratsaldean umeentzako jolasak egongo dira, eta
Ibiriko abereekin batera Patxilin de Isasi zezentxoen laguna ere bertan egongo dela adierazi dute antolatzaileek.
Hara taldea, Berriatuko kontzertuan. Argazkia: Hara
Gauean, musikaren txanda izango da.
Hara eta Joxpa talde ondarrutarrek girotuko dute auzoa. Hara taldea eszenatokietara bueltan da uda garaian taldekide batek bere oporraldian edukitako ezbehar baten ondoren hainbat kontzertu bertan behera utzi behar izan eta gero. Taldekoek aitortu dutenez,
“gogotsu” daude zapatuko kontzertua iristeko, “gogorra baita kontzertuak eskaini nahi eta jo ezin izatea”. Besteak beste, Ondarroako Andra Mari jaietako Arrantzale Egunean jo beharreko kontzertua utzi behar izan zuten bertan behera, eta euren esanetan gogorra egin zitzaien hori: “gogo handia geneukan gure lan berria herritarrei aurkezteko, eta zoritxarrez ezin izan genuen hainbeste esperotako kotzertua eskaini”.
Berezia da beti inguruko herrietan jotzea, batez ere kontzertura datozen asko ezagunak direlako, eta maiatzean Berriatuko jaietan jo zutenean gertatu bezala, seguru daude zapatuan ere ez dela girorik faltako San Jeronimo jaietan.
Domeka goiza lasaiagoa izango da aurten, eta gehienbat
auzoko txikienei zuzendua. Beraien arteko herri kirol lehia egingo dute, eta goiz guztian puzgarriak ere edukiko dituzte. Jaiari amaiera emateko errifen zozketak egingo dituzte.
San Jeronimo jaietako antolakuntzak, bai mutrikuarrei eta baita inguruko herrietakoei ere
gonbidapena luzatu nahi izan diete auzoko jaietara hurbiltzeko.
EGITARAUA
Zapatua [Irailak 30]
- 10:30. Jaiei hasiera emateko txupinazoa.
- 11:00. Meza, San Jeronimoko ermitan.
- Gero. Herri kirol erakustaldia.
- Jarraian. Auzoko harri jasotze txapelketa.
- 17:00. Pailazoak: Tomaxen abenturak.
- 18:30. Ibiriko abereak.
- Ondoren. Dj Sanje eta afari merienda.
- 23:00. Kontzertuak: Hara eta Joxpa.
Domeka [Urriak 1]
- 13:00. Auzoko gazteen arteko herri kirol saioa.
- Goiz guztian. Haurrentzako puzgarriak.
- 14:30. Zozketa.
[IAZKO ARGAZKI GALERIA]