Lea Ibilbideko Martxan aurretiaz izena emateko epea amaitzear dago
Orain arte uztailean egin ohi zen Lea Ibilbideko Martxak data aldaketa izan du, eta udan izan beharrean udazkenean egitea erabaki dute. Hain zuzen, urriaren 7an egingo da Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak zazpigarrenez antolatu duen mendi ibilaldia.
Aurreko urteetan legez, aurten ere aldez aurretik izena emateko epea jarri dute. Urriaren 2a (astelehena) baino lehen bidali behar da posta elektronikoa leakomartxa@hotmail.com helbidera.
Mezuan izen-abizenak zehazteagaz batera, ume edo nagusiak diren, nondik datozen eta ibilbide luzea edo laburra egingo duten adierazi behar dute parte hartzaileek.
Hala, aurrez izena emateak zenbait abantaila edo onura ditu. Aldez aurretik izena ematen duten pertsonek martxa bukatzean kopaua izango dute Munitibarko Bengolako parkean (12:00). Horrez gain, Lea Ibarreko jatetxen batean 100 eurotako jatordu baten zozketan parte hartuko dute. 13:00ak aldera zozkatuko dute otordua Bengolan bertan.
Martxaren ezaugarriei dagokienez, orain arte legez, Lea Ibilbideko VII. Martxan bi ibilaldi egiteko aukera dute ume, gazte zein helduek: Mendexatik Munitibarrerainoko 20,5 kilometroko martxa edo Aulestitik Munitibarrerainoko 7 kilometrokoa.
Ordutegiak. Ibilbide luzea egitera doazenak urriaren 7an 08:15ean abiatuko dira Mendexako Marierrotatik. Ibilbidean zehar bi hornidura-puntu izango dituzte: Gizaburuagako Errotazar lasaigunean eta Aulestiko parkean.
Bestalde, ibilbide laburrena egitea erabakitzen duten herritarrentzat 10:30ean ipini dute ordua Aulestiko Errekondo parkean.
Lea Ibilbideko VII. Martxari buruzko informazio gehiago jaso edota dudak argitzeko Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoaren zenbaki honetara deitu daiteke: 94-684 44 23.