Teri Ibarrolaren ipuin zaharren grabazioak aurkeztuko dituzte Aulestiko udaletxean
Aulestiko Ondare Elkarteko kideek Teri Ibarrola aulestiarrak [1918-1987] grabatutako ipuin zaharren kalitate oneko grabazioak bildu dituzte. Eta horiek barikuan aurkeztuko dituzte udaletxean. 19:00etan hasiko da aurkezpen ekitaldia, eta herritarrei bertaratzeko gonbidapena luzatu diete.
Gure ipuinak berreskuratzen! goiburuagaz antolatu dute aurkezpen ekitaldia, eta azaldu dutenez adin desberdinetako aulestiarrak elkartu, eta jasota dituzten ipuin horien “bertsio gaurkotuak” sortzea da ondare elkarteko kideen asmoa. Hala, bertsioak egin, eta adin guztietako herritarrek eskolan, etxeetan zein kalean erabiltzea gura dute.
Jaiotzaren mendeurrena. 2018an Ibarrola jaio zela 100 urte beteko dira eta Aulestiko Ondare Elkarteko kideek aurreratu dutenez zer edo zer berezia prestatuko dute mendeurrena ospatzeko.