Lekitto Bedarra, Atabaka eta Abaroa taldeek antolatuta, Lekeitioko Auzolan bidearen 25. urteurrena ospatzeko ekintza egingo dute zapatuan [irailak 30]. Auzolanean bidea bera garbitzeaz gain,
Txakolingintza Lekitton hitzaldia ere eskainiko dute, Ander Plazaren eskutik. Halaber, hasiera baten duela 25 urte egin legez Erkiaga neba-arrebak txistua jo eta Aurreskua dantzatzea aurreikusten bazuten ere,
azken orduko gorabeherak tarteko, Lekitto Bedarreko bi kideren esku geratuko da egiteko hori.
“Ondarea guztiena” dela iritzita, antolatzaileek ekintzan parte hartzeko gonbitea luzatu diete Koldo Goitia alkateari bai eta zinegotziei ere.
2012ko Auzolan bidearen 15. urteurreneko ekintzan parte hartu zuten herritarrak. Argazkia: Lekitto Bedarra.
Eguraldi txarragaz. Eguraldi txarra egingo balu, hitzaldia eta hamaiketakoa San Andreseko tunelpean egingo dutela aurreratu dute. “Eta eguraldia kaxkarra bada, Ander Plazaren hitzaldia Azkue aretoan izango da”.
Oro har, ekintzan jende askok parte hartuko duela espero dute Atabaka, Abaroa eta Lekitto Bedarra taldekoek. Gainera, ekintza hau hiru taldeek Auzolan 2017 lelopean hasitako ibilbidearen
azken ekintza izango dela aurreratu dute. “Elkarlanean egindako ibilbide horrek etorkizunerako hainbat harreman sendotzeko eta elkarlanean jarraitzeko balio izan digu”.
Joan den asteko auzolana. Joan den asteko zapatuan [irailak 23] ere auzolana egin zuten Abaroa taldekoek eta Lekitto Bedarrekoek. “Hilaren 30ean egingo dugun ekintza errazteko garbiketa lanak egin genituen”. Besteak beste, bide guztiko ertzak garbitu zituzten. Gainera, San Andreseko konpostagunea belar askogaz zegoela ikusita, hango belarra moztu eta ingurua “txukun” utzi zuten.
EGITARAUA:
- 10:00etatik 12:00etara: Bidearen garbiketa eta ertzak zementuagaz babestu belarra saihesteko eta mantenimendua errazteko.
- 12:00etan: Auzolan bidearen hasieran (San Andreseko sarreran), orain 25 urte inaugurazio ekitaldian egin zuten bezala, dantzariak eta txistulariak Aurreskua egingo dute.
- Ondoren: Bidearen historia laburra eta eguneko hitzaldia. Txakolingintza Lekitton, Ander Plaza historian lizentziaduna den herritarraren eskutik. Bidea mahastiko sarrera denez, historian eduki duen garrantzia agertu nahi dute.
- 13:00etan: Lekitto Bedarrak prestatutako hamaiketakoa.
Herritarrak, 2012an Auzolan bidea garbitzen. Argazkia: Lekitto Bedarra.
Zapatuan auzolanean aritu ziren herritarrak. Argazkia: Lekitto Bedarra.