Auzolan bidearen 25. urteurrena ospatuko dute bihar Lekeition
Sasoi hartan egin zen legez, bide garbiketagaz hasiko dute ekimena. Txakolingintza Lekitton hitzaldia ere eskainiko dute. Ekintzan parte hartzeko gonbitea egin diete herritarreiLekitto Bedarra, Atabaka eta Abaroa taldeek antolatuta, Lekeitioko Auzolan ...
Sasoi hartan egin zen legez, bide garbiketagaz hasiko dute ekimena. Txakolingintza Lekitton hitzaldia ere eskainiko dute. Ekintzan parte hartzeko gonbitea egin diete herritarrei
Lekitto Bedarra, Atabaka eta Abaroa taldeek antolatuta, Lekeitioko Auzolan bidearen 25. urteurrena ospatzeko ekintza egingo dute bihar Lekeition. Auzolanean bidea bera garbitzeaz gain, Ander Plaza historialariak hitzaldia emango du txakolingintzak eta Lekeitiok eduki duten loturaren inguruan. Beste alde batetik, hasiera baten duela 25 urte egin zen legez, Erkiaga neba-arrebak txistua jo eta aurreskua dantzatzea aurreikusten bazuten ere, azken orduko gorabeherak tarteko, Lekitto Bedarreko bi kideren esku geratuko da egiteko hori.«Ondarea guztiena» dela iritzita, antolatzaileek ekintzan parte hartzeko gonbitea egin diete Koldo Goitia alkateari zein zinegotziei. Eguraldi txarra egingo balu, hitzaldia eta hamaiketakoa San Andresko tunelpean egingo dutela aurreratu dute. «Eta eguraldia kaxkarra bada, Ander Plazaren hitzaldia Azkue aretoan izango da», argitu dute.
Oro har, ekintzan jende askok parte hartuko duela espero dute Atabaka, Abaroa eta Lekitto Bedarra taldekoek.
Lekitto Bedarrak aurten bost urte betetzen zituela eta, zerbait berezia egin eta aurtengo urtea Auzolan Urtea izendatzea erabaki zuten, herritarrak hezi eta auzolana balioan jartzeko asmoz. Horrela ba, otsailean Abaroa eta Atabaka taldeekin batu eta ekintza bateratuak egitea adostu zuten. Ekintza hiru taldeek Auzolan 2017 lelopean hasitako ibilbidearen azken ekimena izango dela aurreratu dute. «Elkarlanean egindako ibilbideak etorkizunerako hainbat harreman sendotzeko eta elkarlanean jarraitzeko balio izan digu».
Lanekin hasita
Joan den asteko zapatuan ere auzolana egin zuten Abaroa taldekoek eta Lekitto Bedarrekoek. «Garbiketa lanak egin genituen, bihar egingo dugun ekintza errazteko asmoagaz», azaldu dute. Besteak beste, bide guztiko ertzak garbitu zituzten, eta gainera, San Andres auzoko konpostagunea belar askogaz zegoela ikusita, belarra moztu eta ingurua «txukun» utzi zuten. Bihar amaituko dituzte zereginak, ekitaldian parte hartzen duten herritar guztiek batera.