Udaletxea birgaitzeko bigarren faseko lanak urrian hasiko dituzte
Egitura birgaituko dute, estalkia itxiko dute, eraikinaren solairuak eraikiko dira eta teilatu berria egingo dute. Lanok 2018ko udaroko amaitzea aurreikusten duteBermeoko Udalak 2013. urteko Alde Zaharreko sutearen ondorioz kaltetutako Bermeoko udaletx...
Egitura birgaituko dute, estalkia itxiko dute, eraikinaren solairuak eraikiko dira eta teilatu berria egingo dute. Lanok 2018ko udaroko amaitzea aurreikusten dute
Bermeoko Udalak 2013. urteko Alde Zaharreko sutearen ondorioz kaltetutako Bermeoko udaletxeko eraikina berreskuratzeko lanen bigarren faseari ekingo dio urriaren 16an. Lanok 2018ko udarako amaituta egotea espero dutela esan du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek.Bigarren fasean, eraikinaren egitura birgaituko da, eta estalkia itxiko da. Modu horretan, eraikina ondo itxita eta babestuta geldituko da. Gainera, eraikinaren solairuak eraikiko dira eta teilatu berria ere egingo dute.
Bestalde, bigarren fase honetan, udal biltegian gordeta dauden estalkiaren beiratea, udaletxeko dorrea eta Nardiz tar Jon kaleko iturria berreskuratuko dituztela esan du udal arkitekto Goio Allikak. Horrez gain, kontziopeko lauza zaharrak gordeko dituztela esan du, bai eta gunearen azterketa arkeologikoa egin ere. Bermeoko udaletxea Kultur Ondasun gisa Monumentu izendapenaz sailkatuta dago, eta berezitasun hori eraikina birgaitzean «garrantzitsua» dela azaldu du.
Bigarren faseko lanen aurrekontua 395.803,69 eurokoa da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura sailaren 150.000 euroko diru laguntza dute. Eusko Jaurlaritzagaz ere harremanetan daudela esan du alkateak, «ondarea den heinean, laguntzaren bat lortu daitekeelakoan».
Lanak egin bitartean, Goiko Plazako zirkulazioa aldatuko dute, eta martitzenetako azokatxoaren zenbait salmahai lekuz aldatu beharko dituzte, baina plazan bertan kokatuta.
Bigarren fasea amaitu aurretik, hirugarren faseko lanak esleitzea gurako luketela dio Bidegurenek. Azken fasean, distribuzioa, instalazioak, igogailua eta azken ukituak egingo lirateke. Horrez gain, kontziopea eta Goiko Plaza malda berean jartzea aurreikusten dutela jakinarazi dute, eta espazio biak fusionatzea. Etorkizunean, lehen ez modura, irisgarritasuna bermatuko duen eraikina izango dela aipatu dute.
«Udalaren barne antolaketagatik, Alde Zaharra berreskuratzeko eta herritarrentzat udaletxea erreferentziazko tokia delako», udaletxea konponduta eta martxan egotea «beharrezkoa» dela esan du, beste behin ere, Bermeoko alkateak.