Arrigorri itsas arrantza elkarteak antolatuta, urtero hainbat haur itxaroten egoten diren hitzordua izango da zapatuan. Zubi Barritik hasi eta portuko muturreraino,
4 eta 14 urte bitarteko hainbat neska-mutil eta hauen senide batuko dira arrantza lehiaketan.
Iazko arrantza lehiaketa.
14:00etan daukate hitzordua Musika plazan. Bertatik abiatuko dira
kalejiran lehiaketarantz, eta txapligu batekin emango diete amaiera lehiaketari. Momentu horretatik aurrera ezingo da arrainik harrapatu, eta parte hartzaileak plaza ingurura hurbildu beharko dira.
Aurtengo
sariak, arrain pisutsuena arrantzatzen duenarentzat, arrain pieza gehien arrantzatzen dituenarentzat eta neska zein mutil gazteenentzat izango dira, baina antolakuntzak gogorarazi du parte hartzaile guztientzat egongo dela zerbait.
Lehiaketan parte hartzeko hiru dira
baldintzak: arrantza amuarekin egitea, lazunik ez harrapatzea eta arrantzatutako piezek 7 zentimetro baino gehiago edukitzea. Azken baldintza honen asmoa arrain txikiegiak edo heldu gabeak ez harrapatzea da. Ikasleek ikastetxeetan eman behar dute izena, baina horrela egin ez dutenek edo Ondarroako ikastetxeetan ikasten ez dutenek Musika plazan eman ahalko dute izena lehiaketa hasi baino lehen; momentuz, 250 bat gazte daude izena emanda lehiaketan parte hartzeko.
Antolakuntzak eskerrak eman nahi izan dizkie euren laguntza eman duten herriko talde eta eragileei.
ARGAZKI GALERIA (iazko arrantza lehiaketa)