Eneko Zabala izan da azkarrena Gernika-Bilbao Running proban
Gernika-Bilbao Running proba ez lehiakorra egin zuten domekan, eta Eneko Zabala gernikarra izan da azkarrena. Gernika Atletismo Taldeko korrikalariak bigarren urtez jarraian amaitu du lehen postuan. Hirugarrenez egin dute aurten, eta lehenengo urtean b...
Urtetik urtera gero eta parte hartzaile gehiago daudela zehaztu dute antolatzaileek. Aurtengo proba «emozioz eta esanahiz betetakoa» izan dela azpimarratu dute.
Zabalak 2 ordu, 12 minutu eta 28 segundotan amaitu zuen Gernika eta Bilbo arteko 35,43 kilometroko ibilbidea. Ia bost minututan hobetu zuen bere iazko denbora. Gasteizko La Blanca taldeko Gorka Lucena sailkatu zen bigarren, Zabalarengandik hamazortzi bat segundora. Pablo Rodriguez helmugaratu zen hirugarren (02.18.22). Bestalde, Montserrat Vazquez izan zen lehen emakumezkoa; 2 ordu, 52 minutu eta 52 segundotan burutu zuen proba. Patricia Gonzalez izan zen bigarrena (03.06.12) eta Maite Alvarez hirugarrena (03.17.21).
Zabalak hasieratik hartu zuen lasterketa burua, eta Autzaganeko igoeran atzean utzi zituen beste atletak. Hortik aurrera bere erritmoari eutsi, eta bakarrik egin zuen Bilboko Kale Nagusirainoko bidea. Gernika Atletismo Taldeko atleta ezeze, txikien mailako entrenatzailea ere bada, eta urteetan dabil ibilbide luzeko lasterketetan parte hartzen. Beste gernikar batzuk ere parte hartu zuten aipatu lasterketan, besteak beste, Gaizka Lezamizek eta Enrique Cobeñak proba luzeena egin zuten, eta Galdakaotik abiatu zen Ivan Gaspar. Azken hori seigarren sailkatu zen herri horretatik irten zirenen artean.
Elkartasuna
Erronka bategatik elkartuta. Oztopoak gainditzen lelopean oztopoak gainditu litezkeela erakutsi zuten domekan. Bilboko udaltzainen eta suhiltzaileen laguntzagaz, garun paralisia duen 15 urteko Urtzi Gonzalezek eta ikerketa fasean dagoen gaixotasun neurodegeneratiboa duen 47 urteko Julio Calvok Zornotza eta Bilbo arteko lasterketa egin zuten. Bi talde egin zituzten, eta txandaka lagundu zieten.
Lau irteerako proba da (Gernika-Lumo, Zornotza, Galdakao eta Basauri), eta guztira 1.000 korrikalaritik gorak parte hartu zuten. Aurrekoetan modura, dortsalen koloreagaz bereiztuta egin zuten arineketan.
Denboraldi hasiera
Zabalaren garaipenak hasiera bikaina eman dio Gernika Atletismo Taldearen denboraldiari. Aurreko asteburuan ekin zioten ikasturteari. Gaztetxoenek Berangoko Milian parte hartu zuten, eta emaitza onekin itzuli ziren. Taldeko 30 bat neska-mutil (alebinak, txikiak eta kadeteak) joan ziren, eta hiru dominagaz etorri ziren etxera. Kirol egokituan, Mustapha Herjjouk egin zuen bizkorren 1.609 metroko proba. Kadeteen nesken mailan, Getari Del Val eta Oneka Zulueta eskutik hartuta helmugaratu ziren hirugarren postuan. Alebin mailako mutiletan, Aimar Zugazaga bigarren sailakatu zen.